Aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketarako zein Mozorro Lehiaketarako izen-emateak zabalik

Aratuste goiztiarrak datoz aurten, hilabete barru Bilbo mozorrotuta egongo baita. Are goizago, aurreko astean izango dugu Kopla Txikien Lehiaketa, ohi bezala, Kafe Antzokian egingo dena. Kopla Txikien Lehiaketa otsailaren 3an izango da eta Mozorro Lehiaketa otsailaren 10ean. Bada, batean zein bestean izena emateko aukera zabalik dago hemen, Bilboko Konpartsen webgunean.

Altxaporrue izan zen kopla txikien 2023ko talde irabazlea.

Hasteko, Kopla Txikien Lehiaketaren IX. edizioa otsailaren 3an, larunbata, Kafe Antzokian izango da. Errima musikatuen lehiaketa horretan edozein taldek parte hartu ahal izango du, izan elkarte, kuadrilla, bertso-eskola, konpartsa, abesbatza edo bestelakoa, hiru baldintza betez gero: inskripzioa betetzea, bost kide edo gehiago izatea; eta partaide denak mozorrotuta jardutea. Informazio guztia eta izen-emate formulariorako lotura orrialde honetan topatuko duzue. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 28a izango da.

Kaixo konpartsak 2023ko lehiaketa irabazi zuen konpartsen atalean

Hurrengo larunbatean, otsailaren 10ean, Aratuste Zapatuan, Aratusteetako Mozorro Lehiaketa izango da. Konpartsek ez ezik, taldeak eta norbanakoek parte har dezakete. 2024an banakako mozorroek (hiru lagun arteko taldeak barne) eguerdian desfilatuko dute, taldekakoak arratsaldean.

Bilboko Jai Batzorde Mistoak sari-multzo batzuk ezartzen ditu (izaera ludiko eta gastronomikoa duten fruitu edo genero sortez osatuak), kategoriatan banatuta. Araudia eta izen-ematea orrialde honetan daude. Izen-ematea otsailaren 3a, (zapatua), baino lehenago egin daiteke formulario honetan, edo sariketaren egun berean. Banakakoen kasuan 12:00 eta 12:15 bitartean egin ahal izango da bertan, Berastegi metro irteeraren ondoan. Taldeen kasuan 16:00 eta 16:30 bitartean, Portuko Markesaren kalean egin ahal izango da izen-ematea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude