“AMETS NAGUSIA, AMETSA JAI BIHURTU ZEN” DOKUMENTALAREN AURKEZPENA

Datorren asteartean, hilak 8, Bilboko Konpartsek eta Bilboko Udalak “Amets Nagusia, Ametsa jai bihurtu zen” dokumentalaren aurkezpena egingo dute Bilboko Arriaga Antzokian. Dokumentala Bilboko Konpartsek zuzendu eta ekoitzi dute eta Aste Nagusiaren hastapenak jasotzen ditu. Arratsaldeko zortzietan izango da emanaldia eta garai hartako eta egungo Aste Nagusia posible egin duten lagun eta kolaboratzaileek primizian ikusi ahalko dute.

Aste Nagusiaren sorrera urteetarako bidaia egin dute Bilboko Konpartsetatik 1978ko garaietara eta “Amets Nagusia, Ametsa jai bihurtu zen” dokumentala ekoitzita, asteartean, azaroaren 8an egingo da aurkezpena Arriaga Antzokian.

Aurkezpenera, besteak beste, Txupinera eta Pregoilari historikoak, Jai Batzorde Mistoko kideak eta Bilboko Konpartsak osatzen dituzten 29 konpartsetako 500etik gora konpartsakide bertaratuko dira. Jai Batzorde Mistoa Udalak, Bilboko Konpartsek, Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak eta FEKOORek (Gutxitasun fisikoa edota organikoa duten Bizkaiko pertsonek) osatzen dute gaur egun.

Dokumentalaren zuzendaritza-lanak egin dituzten Mercè Cortina-Oriol eta Fernando García Regidor konpartsakideen hitzetan, “garai hartako memoria historikoa berreskuratu nahi izan dugu Bilboko Konpartsetatik, herri-mugimenduetatik datorren gure Aste Nagusiaren erroak berreskuratzeko”.

Dokumentalaren kredituetan jasotzen denez, gaur egun sinestezina dirudien arren, sasoi batean ez zegoen Aste Nagusirik. Garai horietan, denok uxatzen gintuen hiri are goibelago eta itzaltsuagoa bihurtzen zen Bilbo abuztuan.Frankoren diktadura luzea oso eraginkorra izan zen berun kolorea bizitzaren esparru guztietara zabaltzen, baita jai esparruetan ere.

Baina 1978an zerbait gertatu zen. Bizitzaren koloreak berreskuratuz, norbanako batzuek berun kolore hori estaltzeari ekin zioten. Inori baimenik eskatu gabe ekin zioten, erditzeek ezin baitute itxaron.

Dokumental honek gaur egun ezagutzen dugun Aste Nagusiaren hasiera ezagutarazi nahi du; beraien emankortasunarekin, musutruk eta herrigintzatik, inolako aginte edo agintaririk gabe, gizarte batek gauza zoragarriak sortu ditzakeela erakutsi eta irakatsi zutenak omenduz.

Beraiengatik guztiengatik.

rollupametsnagusia_72ppp

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude