Hontzak konpartsak jaso du “Kanpaia”, Aste Nagusiko txosnarik dotoreenaren aitormena

Publikoaren eta konpartsen boto-gehiengoak hala erabakita, Hontzak konpartsari eman zitzaion atzo 2022ko txosnarik dotoreenaren aitormena, eta txosnarik gatzgabeena, berriz, Irrintzi konpartsari. Hartara, ikur horiek ikusgai daude aitormena jaso duten bi txosnetan. Kanpaia eta eulia atzo arratsaldean eman zieten sarituei Kaskagorri (Kanpaia) eta Uribarri (Eulia) iazko irabazleek, kalejira baten ostean.

Eulia eta Kanpaia aitormenen hamalaugarren edizioa den honetan, Hontzak konpartsak seigarren aldiz jaso du 2022ko Aste Nagusiko Kanpaia aitormena; babes handiarekin lortu du txosnarik dotoreenaren aitortza: izan ere, publikoak eta konpartsek emandako botuen herena baino gehiago eskuratu du. Gauzak horrela, Hontzak konpartsak bere lidergoa indartu du, orain arte kanpaia gehien metatu duen eragilea baita.

Hontzak konpartsak ohikoa duen kritika soziopolitikoa erabili du “Jaungoikoa eta Lagi Zarra Money Making Machine” izeneko txosna dekoratzeko. Bertan, EAJko logoak dituen hainbat engranaje ikus daiteke, hainbat enpres eta erakunde barne biltzen dituen “Basque Jeltzale Entxufe Energy System” lelopeko instalazioaren ondoan. 

Eulia eta Kanpaiari buruz

2007an abiatu zituzten Bilboko Konpartsek Eulia eta Kanpaia aitormenak, modu bihurri batean konpartsak zirikatzeko bi helbururekin: txosnen dekorazioa hobetzea eta jai-eremua atontzeko ahalegina indartzea. Konpartsen arteko sariak dira, eta dekoraziorik dotoreena duen txosnak Kanpaia aitormena jasotzen du; txosnarik gatzgabetuenari, berriz, Eulia ematen zaio. Txosnaren egitura, dekorazioa eta konpartsa bakoitzaren kapazitatea hartzen ditu kontuan aitormenak.

Bozka konpartsek Aste Nagusian egunero egiten duten asanbladan egin izan da urtetan, eta konpartsa bakoitzak bozka bat ematen zuen kategoria bakoitzeko. 2014tik 2019ra, ordea, konpartsetatik erabaki zen bilbotarrok eta jendeak oro har bozka bidez hautatuko zuela Kanpaia eta Eulia zeini eman. Pandemiaren ostean, konpartsek erabaki zuten botu ponderatua erabiltzea, publikoak botuen %50eko izateko eta konpartsek beste erdia.

Bada, Hontzak konpartsaren txosnan ikusi ahalko Kanpaia, Aste Nagusia bukatu bitartean. Eta Eulia, aldiz, Irrintzi konpartsaren txosnan.

2007tik gaur arte Hontzak eta Eguzkizaleak konpartsek jaso dituzte kanpairik gehien. Hontzak konpartsak sei alditan jaso izan du kanpaia (2009, 2010, 2011, 2016, 2017 eta 2022). Eguzkizaleak konpartsak lau aldiz lortu izan du (2007, 2008, 2012 eta 2015).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude