Aste Nagusiko Hiri Krosaren marka hautsi du Diego Cuadradok

Abdallah Benlan San atletak irabazi zuen atzo kirol egokituaren kategoria Aste Nagusiko XXIV Hiri Krosean. Senior kategorian, podiumeko goiko aldera igo ziren Nerea Eugenia Iturriaga Gonzalez getxoztarra eta Diego Cuadrado Pigueiras, Santanderrekoa. Cuadradok 24 segundotan hobetu zuen sei kilometroko probaren orain arteko marka, 18.25, berak 2018an lortutakoa.

Bilboko konpartsok Hiri Krosaren XXIV. edizioa antolatu genuen atzo, Aste Nagusiko egun handian. Asfaltoaren gaineko lasterketa herrikoi eta federatua da, 2.000 parte-hartzaile dituena. Antolatzaileok azpimarratu genuen lasterketaren arrakasta, urtero-urtero “dortsalak aste batean baino gutxiagoan amaitzen baitira”, eta nabarmendu genuen “publikoak ibilbide osoa bete egin duela, tenperatura altuak izan arren”: Halere, gogorarazi genuen arauengatik ezin dugula lasterkari gehiago hartu, “gustatuko litzaigukeen arren”.

Kirol egokituko kategorian, Abdallah Benlan San saletarra nagusitu zen, Ivan Echavarria Guzman medellindarra atzean utzita. Echavarriak irabazi zuen aurreko edizioa, 2019an jokatutakoa. Orduan Benlan bigarrena izan zen.

Senior proban, asfaltozko sei kilometroan norgehiagoka handia izan zen. Hala, Nerea Eugenia Iturriaga Gonzalezek aurrea hartu zien Miriam Martinez Trinidadi (Bilbo) eta Iraia Garciari (Zornotza). Inork ez zuen hobetu Irene Lozano atletak 2018an ezarri zuen probaren marka onena: 20.29.

Gizonezkoetan, Santanderreko Diego Cuadradok 2019ko arantza kendu zuen (hirugarren sailkatu zen), eta 2018an lortutako txapela berretsi zuen, marka 24 segundotan hobetzeaz gainera. Bere atzean geratu ziren Martin Amilibia Aranburu zumaiarra eta Gontzal Bilbao Perez bilbotarra.

Gainera, beste bederatzi kategorietako lasterkariek ospatu zituzten euren emaitzak, “maskarez, mozorroz eta umore onez betetako ibilbidean, garrantzitsuena parte hartzea baitzen”.

Itziar Lazkano pregoilariak eta Iratxe Palacio txupinerak banatu zituzten sariak.

Informazio gehiagorako ikusi: https://www.bilbokokonpartsak.eus/aste-nagusia/hiri-krosa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude