Elkarlan Uholdeari buruzko solasaldia apirilaren 27an La Bolsan

Datorren ostegunean, apirilaren 27an, 1983ko Elkarlan Uholdea hizpide izango dute hainbat lagunek Bilboko La Bolsa udaltegian, 19:00etan hasiko den hitzaldian, Bilboko Konpartsek antolatutako ekitaldian. 1983ko uholdeetan konpartsek zoritxarrari aurre egiten jokatutako rol garrantzitsua islatzen duen errportajea ere proiektatuko da bertan.

Hizlari arituko dira Alazne Olabarrieta (1983ko Txupinera, Mamikiko konpartsakidea), Karmelo Landa (1978an lehenengo Jai Batzordeko kidea, 1983an Txomin Barulloko konpartsakide eta garbiketa-brigadetan aritua), Francis Díez (Doctor Deseo taldeko abeslaria), Javier Rodriguez (Zazpikaleko Bihotzean auzo-elkarteko lehendakaria eta Tximitxurri konpartsako kide izana), Amaia Goikoetxea (Kazetarien Euskal Elkargoko Lehendakari eta Dekanoa) eta Maria Jesús Lanciano (Iralako auzo-elkarteko kidea eta 1983ko Jai Batzordeko kidea).

Elkarlan bira-ren lehendabizikoa izango da ostegunekoa, datozen asteotan Bilboko hainbat auzotara hitzaldiak eta erakusketa ibiltaria eramango dituena, Elkarlan Uholdea ekintza sortaren baitan. Izan ere, aurtengo Aste Nagusian 40 urte beteko dira 1983ko uholdeak izan zirenetik. Bilboko Konpartsok, aurten, orduan gertatu zena eta konpartsek zoritxarrari aurre egiten jokatutako rol garrantzitsua gogora ekarri nahi dugu Elkarlan Uholdearen bidez. Hain zuzen ere, elkarlana, elkartasuna, talde-ikuspegia eta, horien arabera, “eskuak zikintzeko” prestutasuna aintzat hartzeko balioak dira, gure iritziz, nabarmendu eta zaindu beharrekoak.

Bilboko Konpartsok osatu dugun erreportajea estreinakoz proiektatuko da bertan, 15 minutuko erreportaje labur honetan, orduan konpartsakide zebiltzan lagun batzuen testigantzak jaso ditugu , Aste Nagusi bete-betean Bilbo harrapatu zuen uraren eta, ondoren, herritarren aldetik sortutako elkarlan uholdearen neurriaz ideia egin dezagun. Hemen duzue trailerra:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude