Aste Nagusiko programazioa aurkeztu dugu

Konpartsok 500 ekintza baino gehiago antolatuko ditugu abuztuaren 19tik 27ra bitartean, Jai Batzorde Mistoaren ekitaldiez gain. Gainera, 83ko uholdeen osteko elkarlana oroitzeko ekitaldia eta txupineren abestia izango dira aurtengo hitzordu nagusien artean.

Aurtengo programazioan badira urteroko ezinbesteko hitzordu potoloak, Lehiaketa Gastronomikoa eta aurten 25 urte beteko dituen Hiri Krosa kasu, baina bada lehiaketa berririk ere. Horien artean ditugu skate eta rap/hip-hop lehiaketak, orain arte antolatu izan diren basket, bloodbowl, goitibera, igel-toka, open magic, waterpolo eta xake lehiaketak, mus txapelketa eta piraguen igoera ahaztu gabe. Horrez gain, haurrentzako programazio berezia izango da, zeinak antzerkia, gastrotxikia, igel-toka, puzgarriak eta beste hainbat ekitaldi bilduko dituen. Ekintza horiei guztiei buruzko informazioa eta izen-emateak zabalik daude gure webgunean.

Programazio musikala ere ez da makala izango: Kristonak, J Martina, Zirkinik bez, Xiberoots, Tribade, Malakias, Goxua’n Salsa, Las Fellini, eta beste talde askok girotuko dituzte Areatza eta inguruak, baita zenbait elektrotxarangak, erromeriak eta DJak ere.

Programazio honen berri emateko, aurten 15.000 liburuxka atera dituzte, baita kartelak, eta sakelakoetarako APP bat ere. Aurten, baina, aplikazioa ez dute Google Play eta Apple Storen jarriko arrazoi etiko eta praktikoengatik. WebAPP bat izango da, beraz, hemendik aurrera app.bilbokokonpartsak.eus helbidean eskuragarri izango dena.


Uholdeak gogoan
Gaur Sendejako tingladoetan egindako agerraldian, palak eta eskoboiak eskuetan eta zirak eta katiuskak jantzita zituzten dozenaka konpartsakidek lagunduta, Bilboko Konpartsen izenean mintzatu dira Haizea Larrosa eta Ioritz Varona eledunak. Izan ere, aurten 40 urte beteko dira uholdeek Bilbo hondatu zutenetik. Ondorengo egunetan bilbotarrek, palak, eskobak eta katiuskak hartuta, gure auzoak garbitzeko ahalegin kolektibo erraldoia egin zuten. Horren harira, Bilboko Konpartsak federazioak, Elkarlan Uholdea kanpaina egin du aurten, konpartsek bertan izan zuten rol garrantzitsua nabarmendu eta elkarlanaren balioa azpimarratzeko. Bada, kanpainari amaiera emateko oroimen ekitaldi hunkigarria antolatuko dute abuztuaren 26an, 13:00etan, Plaza Barrian, hainbat lekuko eta artistaren ekarpenekin. Hori dela eta, aurten, tirada laburreko edalontzi berrerabilgarri berezia atera dute, uholdeen irudiekin apaindua, uholdeak hasi ziren egun beraren urtemugan saltzekoak.

Txupineren abesti berria
Beste hitzordu garrantzitsu bat: Xabi Aburruzagak egindako Txupineren abestiaren aurkezpena izango da Txupineren egunean, Aste Nagusiko ostegunean. Txupinera guztien gorazarre abestia izango da, baina batez ere, aurten zendutako eta konpartsen federazioko lehendakari eta txupinera izandako Lurdes Luqueren omenezkoa.

Amaitzeko, Bilboko Konpartsek gogorarazi egin dute ez dutela inolako erasorik onartuko eta deia egin dute txupina garbia izan dadin, denontzako atsegina eta irisgarria izan dadin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude