Uholdeen 40. urteurreneko ekitaldi hunkigarria egin dute konpartsek

Bilbotarrek Aste Nagusi hau borobildu duen Elkarlan Uholdea kanpainaren ekitaldi nagusia ikusi ahal izan dute 1983ko uholdeetatik 4 hamarkada igaro diren egun honetan. Hainbat artistak hartu dute parte orduko brigadetan ibilitako konpartsakideak, udal langileak eta bolondres guztiak omentzeko ekitaldian. Elkarlanaren espirituari erne eusteari deia egin dute, bihar-etzi, Lurraren beroketaren ondorioz ugaritu litezkeen muturreko klima gertakarien aurrean.

Bilboko Konpartsek, antolatutako ekitaldi horrekin, duela 40 urte Bilbo eta inguruak berreraikitzen lagundu zuten pertsona guztien esfortzua gogora ekarri nahi izan dute. Urteurrenaren egun zehatzean, Plaza Barrian bildu dira eszenatoki baten inguruan, 13:00etan abiatu da ekitaldia, hainbat artista eta gonbidaturekin, besteak beste, Maite Asensio kazetaria, Mawatres grafitigilea, Haizea Telleria eta Maite Sarasola bertsolariak Mikel Martinez aktorea eta hainbat musikari, tartean Josu Zabala, Francis Diez, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Rafa Rueda, Ibon Koteron eta Bizkaiko Saguak taldeko Mamen Rodrigo eta Urko Igartiburu.

Aipatutakoak elkarlanean murgildu dira urtemuga berezi hau ospatzeko, baina, batez ere, garaiko elkarlanak darraiela nabarmentzeko: horren adibide da Bilboko Aste Nagusia antolatzen duten milaka boluntarioren ahalegin kolektiboa. Ekitaldia partaide guztien eta garai hartako omenduen arteko brindis batekin amaitu da, txupinerak suziria jaurti ondoren.

Horrez gain, kanpainari buruzko mertxandising sorta bat prestatu dute Bilboko Konpartsek, hain estimatu duten elkarlan uholdea omendu eta gogoratzeko. Kamisetak, tote poltsak eta gaur bakarrik salduko den oroigarri edalontzi bat jarriko dituzte salgai ekitaldian bertan, eta Bilboko hainbat puntutan. Edalontziak Bilboko Konpartsen txosnetan izango dira salgai, aleak amaitu arte.

Omenaldiaz gain, gaur amaiera duen Elkarlan Uholdearen kanpainak izan du beste helburu bat, etorkizunari begirakoa. “Egunotan ikusi dugunez, berotze globalaren norabideak ez du itxura onik, zientzialarien arabera ugaritzen ari dira eta ugarituko dira muturreko klima gertaerak: euriteak, sikateak, suteak… Halako batean Bilbo berriro urak hartzeko arriskua hor dago. Nola jokatuko dute orduan Bilbotarrek? Duela 45 urte jai-eredu eredugarria sortu zen bezala, duela 40 urte elkarlan-eredu eredugarria sortu zen. Ez dadila galdu!”, gehitu dute konpartsek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude