Elkarlan uholdea izan da Aste Nagusia, baina lokatzik ere izan dugu

Bilboko Konpartsek eraso sexistak, nagusikeria poliziala eta tarteka gorabeheratsua izan den Udalarekiko elkarlana nabarmendu dituzte, alderdi negatiboan, aurtengo Aste Nagusitik. Halere, balorazio positiboa egin dute partaidetzari, ekintza berriei eta herriaren harrerari begiratuta

Aurtengo Aste Nagusian bizi izandakoak lanketa eta aldaketa sakonak eskatzen ditu datorren urterako. Jaiak hasieratik izan dira tirabiratsuak udaltzaingoarekiko, muntaketaren astetik bertatik, konpartsakide batzuek bidegabeko isunak jaso baitzituzten antolakuntza gaizki-ulertuen kontura. Gainera, txupinaren egunean bertan, Txupinera, Pregoilaria eta Bilboko Konpartsetako Jai Batzordeak osatutako segizioa Arriaga Antzokira sartzekoak zirenean, udaltzainek euren motxilak erregistratu eta txupinak bahitu zituzten. Nortzuekiko mesfidantza izan, eta Bilboko Aste Nagusiko antolatzaile boluntarioekiko…

Horrez gain, erasoak salatu nahi ditugu, batez ere, sexistak, lgtbifoboak, lodifoboak, arrazistak eta polizialak. Gatazkak sortu dira lerdetsuekin eta ukitze gertakari ugari izan dira. Egoera biolento zenbait sortu dira edonon txiza egiten zutenekin edo txosnetan liskarrak sortu dituztenekin. Halaber, udaltzain mozkorren gertakarian agenteen portaera bortitza eta korporatibista salatu genuen asteartean baina, tamalez, Aburtok ez ditu Udaltzaingoaren nagusikeria eta bortizkeria aitortu nahi izan, babesa eman die, aitzitik, erantzukizuna liskarra sortu zuten bi agente mozkorren portaeran fokatuz.

Bestalde, Marijaiaren merkantilizazioa sumatu genuen jaiak hasi aurretik, eta hori salatzeaz gain, publikoki eskatu dugu lehenago Jai Batzorde Mistoan eskatutakoa, berau mugatzeko arautzea, hain zuzen.

Oro har, gure balorazioa da iaz Udalarekiko izan genuen hartu-eman egokia higatu dela aurtengoan horrelako gertakariekin. Espero dezagun datorren Aste Nagusirako elkarlana eta giro ona berreskuratzea.

Alderdi positibo ugari izan du, bestalde, aurtengo Aste Nagusiak, konpartsakideen antolakuntza-ahalegin eta ekarpen boluntarioari esker. Batik bat, goraipatu nahi dugu ekintzek izan duten partaidetza ugaria eta positiboa. Asko izan dira Aste Nagusian dantzatu eta abestu dutenak, joko eta lehiaketetan parte hartu dutenak eta oro har, gozatu dutenak. Adibide batzuk jartzearren, GastroTxikian partaidetza oparoa eta hezigarria izan da, eta Lehiaketa gastronomikoko izen-emateen kopurua egun guztietan igo da iazko zifrekiko. Hiri Krosaren 25. urteurrenean, 1.000 pertsona baino gehiago lehiatu dira. Txupeteen kategorian eta infantilenean ere, partaidetza oso oparoa izan da aurten.

Gainera, konpartsen arteko lankidetzak erakutsi du elkarlanaren filosofia bultzatzen ari garela, eta iruditzen zaigu azken hilabeteotan egin dugun Elkarlan Uholdearen kanpainak zeresana baduela horretan. Uholdeen 40. urteurrenak aukera eman digu orduan buru-belarri lanean ibili ziren bolondresak omentzeko, baita elkarlana eta auzolana gure balio nagusiak direla gogoratu eta azpimarratzeko ere. Abuztuaren 26ko oroimen ekitaldia zinez hunkigarria, jendetsua eta arrakastatsua izan zen.

Bestalde, pozik gaude gure programan txertatu ditugun ekintza berritzaileekin. Hasteko, lehiaketa gastronomikoko plater aldaketei dagokienez (pisto %100 begetala patatak saltsa berdean egin ordez, eta sukalkia bakailaoa bizkaitar erara egin ordez), onarpen ona izan du, eta parte-hartzaile kopurua bikoiztu egin da.

Azkenik, aurtengo gure programan, rap, skate eta dantza urbano tailer eta lehiaketa berriak antolatu ditugu, emaitza ezin hobeekin. Honekin, gizartearen eskarira moldatu nahi izan ditugu gure jaiak, haur eta gazteengana gerturatzeko. Orotara, 500 ekintzatik gora antolatu ditugu aurten.

Ezin dugu balorazio hau amaitu eskerrak eman barik Aste Nagusi honen ikur eta espiritu izan diren bi pertsonari: batetik, Aiora Renteria pregoilariari, bihotzak berotu zituen pregoi hunkigarriarengatik, eta, bestetik, Izaskun Pinedo txupinerari, haren lanari esker zabaldu baitira egunero jai guneak arrakasta eta punteria handiz. Horrez gain, Xabi Aburruzagak konposatutako txupineren abestia ere goraipatu nahi dugu, izan ere, aurtengo berrikuntza honek datozen urteetako txupinerak babestuko ditu.

Amaitzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu bilbotarrei; izan ere, zuei esker izan da posible, urtero bezala, aurtengo Aste Nagusia. Hori dela eta, gonbidatu nahi zaituztegu datozen Aste Nagusietan parte-hartze aktiboa izaten jarraitzera, gure jai inklusibo, parte-hartzaile, feminista eta euskaldunak herritik eta herriarentzat eraikitzen jarrai dezagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude