KALEA GUZTIONA DA
‘Kalea guztiona da, goza dezagun libreki’ herri ekimena osatzen duten hirurogei taldek sinatutako mozio-proposamena aurkeztu zuten Udal erregistrotik. Mozio honen bidez, herri ekimenak EAJk eta EBk apirilean aurkeztutako Espazio Publikoaren gaineko Ordenantza bertan behera gelditzea eskatzen du.
Herri ekimenak ezinbestekotzat jotzen du benetako parte-hartze prozesu bat abian jartzea eta espazio publikoaren erabilpenaren gaineko debate lasai bat martxan ipintzea.
Honetaz gain, Udal talde guztiei bilera bana eskatu die herri ekimen honen iritzia eta jarrera zuzenean ezagut dezaten.
‘Kalea guztiona da’ herri ekimena apirilaren 27an sortu zen eta gaur arte Bilboko hirurogei bat eragile, elkarte, sindikatu zein alderditako atxikimendua batu du. Manifestu bat egin du eta maiatzaren 18an ezagutzera emango du Udaletxearen aurren, atxikimenduekin batera. Bukatzeko, manifestazio bat deitu du maiatzaren 23rako. Mobilizazioa eguerdiko 12etan abiatuko da Plaza Eliptikotik.