Aste Nagusiko programazioa aurkeztu dugu
Kontzertu, tailer, kirol lehiaketa, umeentzako ekitaldi, gastronomia txapelketa, bakarrizketa eta bestelakoen artean, 600 ekintza baino gehiago prestatu ditugu aurtengo Aste Nagusirako.
Bilboko Konpartsen Federazioak 2025eko Aste Nagusirako prestatu duen egitaraua aurkeztu du, Arriaga Plazan egindako agerraldian. Aurten, 600 jarduera baino gehiago prestatu ditugu konpartsen, Federazioaren eta Jai Batzorde Mistoaren artean, gustu guztientzako ekintzez betetako Aste Nagusiaz gozatzeko, umeek, gazteek, helduek zein adinekoek.
Hamabi egun falta dira Marijaia Arriaga antzokiko balkoian berriro ere agurtzeko, eta Federazioak jada programazio liburuxkaren 15.000 kopia inprimatu ditu bilbotarren artean banatzeko. Bertan jasoko dira, esate baterako, umeentzako jarduerak ia egunero, besteak beste, arte eta sukaldaritza tailerrak, puzgarriak, txontxongilo eta pailazoak, goitibera eta txosnak eraikitzeko tailerrak.
Gazteen artean kirola eta kultura sustatzeko, aurreko bizpahiru urteetan nobedade arrakastatsu izan diren skate tailerra eta rap tailer-emanaldia errepikatu ditugu; azken hori, rapero eta bertsolariekin batera egingo dugu. Bi-biak Arriaga plazan izango dira, baita txalaparta tailer eta emanaldia ere.
Kirola ere izango da jai asteko protagonista nagusietako bat. Kirolari eta kirolzale amorratuek, uretan, aldapan, plazan eta txosnetan gorputza eta garuna astindu ahal izateko hainbat ekintza prestatu ditugu: xake lehiaketa, swing dantza tailerrak, goitiberak, piraguak, konpartsen arteko ur jolasak, waterpolo, rubik lehiaketa, igel-toka… Hiri Krosa barikuan izango da, oraindik fresko dabiltzanentzat, eta ume zein helduentzako saskibaloia, eguaztenean; baina, azken horrek, aurten lekua aldatuko du: Arriaga plazan izango da saskibaloi lehiaketa.
Kirola hain gustuko ez dutenek ere txosnetan gorputza mugitzeko aukera izango dute. Programazio musikalak ia 250 kontzertu bildu ditu, horien artean, Naxker, Ksus Belly, Chulería Joder, Ezpalak, Ziztada & Erlantz, Kaparrak eta Bengo. Horiez gain, mudiks estilo eta giro anitzeko DJak eta pintxadak ere egongo dira txosnetan, konpartsek eta guneek antolatuta.
Urtero bezala, lehiaketa gastronomikoa egunero egingo dugu Areatzan. Berritasunak aurkeztu genituen arestian: munduko platera, aurten, arroza izango da, eta lehen domekan lehiatuko da, 17an. Beste berritasuna bigarren domekak hartuko du: buztan gisatu lehiaketa itzuliko da.
Ekintza guztiak aipatutako liburuxkan bildu ditugu. Kontsultatu gustuko dituzuen jarduerak non eta noiz izango diren! Dena dela, iaz martxan jarritako web aplikazioan ere izango dira ekintza guztiak. Horrela, programazio osoa sakelakoan eraman ahal izango dugu, beste kontu garrantzitsu batzuekin batera; batzuk aipatzearren, AstenagusiPedia, txosnen mapa, programazioa egunez egun eta erasoen aurkako protokoloak.
Horrez gain, aurtengo Aste Nagusirako, webgune berria ere prestatu dugu, jai astean zehar soilik funtzionatuko duena, egun berezi horietarako infomazio garrantzitsu guztia eskura izateko. Webgune horren goialdean aurkituko dute programazioa ikusteko web APPerako sarbidea eta programazioa PDFan deskargatzeko aukera, bi-biak.
Bestalde, eta nobedade gisa, aurtengo txosna guztien diseinuek “Txosnak. Gureak, danonak” kanpainari atxikimendua islatuko dute. Geure, guztion, txosnak munduan bakarrak dira, gureontzat goxo kozinatzen dugunon sukaldeak, iraultzaileon barrak, mundu berri batekin amesten dugunon etxeak, eta horiek babesteko kanpaina, aurtengo Aste Nagusiko txosnaguneko protagonista izango da. Erronka botatzen diegu bilbotarrei, muntaketa bitartean Areatzara begiratu eta keinu horren zantzuak bilatu ditzaten,ahal den urrunetik, muntaketa lanetan segurtasuna bermatzeko; horrela, oso gutxi barru, guztiok, txosnez eta euren eskaintza kultural eta gastronomikoaz gozatzeko.
Gora Txosnak eta gora Aste Nagusia!

Aurreko Sarrera
Hurrengo Sarrera




