Txosnen muntaketa hasi dugu
Aste Nagusirako dana prest uzteko, txosnak muntatzen eta jaigunea prestatzen ari dira konpartsakideak, hornitzaileak eta gainontzeko langileak.
Gero eta hurbilago dago aurtengo Aste Nagusia! Hamar egun falta dira Marijaia berriro Arriaga antzokiko balkoira agertzeko, eta ordurako dena prest egongo da Areatzako jaigunean. Konpartsok hasi gara jada gure txosna ederrak eraikitzen, eta, hamar egun izango ditugu dena prest jartzeko.
Aurten ere 27 konpartsen txosnek apainduko dute Bilboko Areatza, ohikoa duten dekorazio bereziarekin. Bilbotarrek eta bisitariek jaiez goza dezaten, barrak, sukaldeak eta eszenatokiak eraiki egin behar dira, eta egunotan jartzen ari gara azpiegitura horien lehen piezak. Datozen egunotan, 110.000 kilotik gora mekano hodi edo aldamio, 1.500 egur panel inguru eta 1.000 litro margo baino gehiago erabiliko ditugu, eta 400 bat konpartsakide arituko gara jo eta ke muntaketa lanetan, auzolanean.

Dena den, ohartarazi behar dugu muntaketan parte hartzen ari ez diren pertsonak ezin direla itxita egongo diren txosnen eremu barruan sartu lanek irauten duten bitartean, egoera arriskutsuak edo istripuak gerta daitezkeelako. Gomendatzen dugu, egunotan, Areatza ingurutik ahalik eta gutxien igartozea, eta, igarotzekotan, konpartsakideen zein langileen jarraibideei kasu egitea. Eta esku bat bota nahi izanez gero, hitz egin konpartsakideekin!
27 konpartsetako bakoitzak bere ezaugarriekin eta mezuekin apainduko du bere txosna, eta hala, gure kezken eta aldarrikapenen mosaiko bat osatuko dute. Irudimenez eta ironiaz dekoratzen ditugu gure txosnak, eta ariketa polita izaten da denen itxura begiratzea eta komentatzea. Eulia eta Kanpaia sarien bidez, gainera, txosnarik baldarrena eta apainena aitortzen dira, eta herritarrek ere parte har dezakete bozketan, Bilboko Konpartsen webgunearen bidez: www.bilbokokonpartsak.eus/wp/.
Aurten, dena den, berezitasun bat izango da dekorazioan, presentzia berezia izango baitu arrosa koloreak. Horren bidez, Txosnak. Gureak, denonak kanpainarekin bat egiten dugu Bilboko Konpartsok, eta aldarrikatzen dugu konpartsak eta txosnak ondare immateriala direla, eta ezinbestekoak gure festetan: haiek gabe ez genuke izango azken hamarkadetako jai eredu hau. Txosnak ez dira soilik edariak eta bokatak zerbitzatzeko leku bat; espazio parte hartzaileak dira, autogestioan eta borondatezko lanean oinarrituta; jai herrikoien bihotza dira, gure nortasun kolektiboaren isla, eta proiektu kultural eta sozial askoren sostengu. Baina txosna asko arriskuan daude, eta haiekin batera, gure jai eredua, administrazioek gero eta betebehar gehiago ezartzen dizkigutelako. Beraz, txosnak babesteko, parrandazaleak animatu nahi ditugu martxan dagoen sinadura bilketan parte hartzera. Txosnak.eus helbidean aurkituko dute geure, danon, txosnen alde sinatzeko lekua.
Izan ere, konpartsetan eta txosnetan pertsona askoren indarrek egiten dute bat, urte osoan zehar, eta bereziki abuztuko egun hauetan. Indar horien ondorioz, txosnagunea gure babeslekua da, gozo egoteko eta elkar zaintzeko tokia, eta edozein eratako indarkeria matxista, arrazista, LGTBIQfobo, xenofobo, kapazitista, lodifobo edo euskarafoboren aurrean babesa aurkitzeko toki seguruak. Ez dugu inolako erasorik onartuko, eta irudi hori transmititu nahi dugu gaurtik aurrera landuko dugun dekorazioan ere.
Eta, gainera, txosnetan gauza pila bat egin ahal izango dira txupinetik aurrera. Astelehenean iragarri genuenez, 600 jarduera baino gehiago antolatu dituzte konpartsek eta konpartsen federazioak; doakoak, askotarikoak, gustu eta adin guztietako pertsonek Aste Nagusiko hamar egunez goza dezaten. Dantza, kirola, gastronomia, musika, haurrentzako tailerrak eta beste izango dira. Programazioa, ohiko liburuxkan ez ezik, Bilboko konpartsen aplikazioan (app.bilbokokonpartsak.eus) eta webgunean (www.bilbokokonpartsak.eus/wp/) kontsulta daiteke.
Gaur, beraz, bizipen eta poz horietara guztietara iristeko azkenaurreko pausoa emango dugu, muntaketa lanen hasierarekin. Bilboko Areatza auzolanaren erakusgarri izango da, denok batera arituko baikara txosnagunea eraikitzen, esfortzu zein ilusio handiz. Oso gutxi falta da Aste Nagusia hasteko, baina lehenago konpartsen giroan murgildu eta muntaketan parte hartu nahi dutenak ere ongietorriak izango dira.

GORA MARIAJAIA!
GORA ASTE NAGUSIA!

Aurreko Sarrera
Hurrengo Sarrera




