Bilboko Konpartsak, baserritarrekin bat

Urtero legez, Bilboko Konpartsok Bizkaiko baserritarren egun nagusian izango gara, San Tomas azokan. Aurten, hilaren 22an, astelehena. Gure herriak txerriaren inguruan duen ohitura berreskuratu eta tokiko ekoizpena zein elikadura eredu berri baten aldeko gure apustua berretsiko dugu bertan. Ohi bezala, San Nikolas elizaren ingurua dinamizatuko dugu, musika, bertsoak eta bertoko jana eta edana ez dela faltako, Areatzan eta Plaza Barriko 286 postuek emango duten nekazal eskaintza osatuz. Gainera, Klin Klon sariak izango ditugu. Azkenik, eguneko zozketarako zenbakia dakarren Bilboko Konpartsen egutegia salgai izango da.

Programazio arloan, txosna goizeko 10etan zabalduko da. Eguerdian, pintxo eta indabak banatzeari ekingo diogu, txalapartaren doinupean. 1etan izango da bertsolarien txanda eta 2etan gaiteroena. Bazkal ostean eta eguna itxi arte, Urrats erromeriak dantzan jarriko gaitu. Tartean, 18:30ean, Esnetik kooperatibako baserritarrek ekoiztutako barazkiak zein baserriko txerriki ekologikoak eta bidezko merkataritzako produktuen zozketa burutuko dugu, txosnaren oholtzatik. Bitartean, 20:00etan, Bilbo Kantariren abestaldia irtengo da Kalderapeko tabernatik.

Zozketan parte hartzeaz gain, hormako egutegia Aste Nagusiaren irrika lasaitzeko baliagarri egingo zaigu. Jada, Zazpi Kaleetako zenbait denda eta tabernatan salgai dago. Zozketako dirua, espekulazioari aurre egin eta laborantza lurrak nekazarien esku jartzen diharduen Lurzaindia Ipar Euskal Herriko elkartearentzat izango da. Ekimenean laguntzeko hona hemen bidea: bulegoa@www.bilbokokonpartsak.eus.

IMG_5029 (1)

 

Klin Klon sariak

1915ean, Tomas Deunaren Merkatua berriz martxan jarri zuen Félix Garci-Arcéluz “Klin Klon” kazetari bilbotarra zena omendu eta hasierako espiritua aldarrikatzeko, “Klin Klon” sariak laugarrenez antolatu ditugu Bilboko Konpartsok. Saria azokaren esentzia hoberen jaso eta Bilboko prentsan argitaratuko diren bi argazkien egileei emango diegu. Azken urteotan azoka hein batean desitxuratu bada ere, ondiño herri honen ohiturak berreskuratu eta bultzatzeko garrantzi bereziko ekimena da. Ildo horretan, dei berezia egiten diogu bilbotar orori 22an euskal jantziak soinean jaisteko merkatura. Klin Klon sariak zein zozketaren saria Bilboko Kafe Antzokian egingo dugun ekitaldian emango dira, hilaren 30ean, goizeko 11etan.

 

San Tomas feriaren jatorria

Bilboko Konpartsok 1980tik esku hartzen dugu San Tomasen, txosna ipiniz eta animazio egitarauaz abenduko hotza epeltzen saiatzen garela. Izan ere, egun, San Tomas, azoka baino, zinezko jaia bilakatu da, Areatza eta Zazpi Kaleak hiriaren eta baserriaren arteko lotunea bilakatuta. Tradizio hau baserritar maizter eta bilbotar etxejabeen arteko harremanetik dator. Ohituraz abenduaren 21a baserritarrek Bilbora jaitsi eta alokairua pagatzeko eguna zen. Lur eta baserrien jabeek bazkaria eta beste opariren bat eskaintzen zieten. Ez zegoen orduan banka telematikorik eta ez ziren hain maiz jaisten botxora. Beraz, baserritarrek bidaia baliatzen zuten euren gaiak ekarri eta San Anton ondoko Bilboko portuan saldu edota trukatzeko. XIX. mendearen bukaera aldera, San Tomas azoka indarra hartzen hasi zen, Bilboko bizilagunak egun horren zain egonda, bertan ikusten baitzuten Gabonetarako kalitatezko produktuak erosteko aukera, nahiz eta hirugarren gerra karlistaren ondoren errenta egun horretan ordaintzeko ohitura ja desagertuta egon. XX. mende hasieran erabat errotu zen, “Klin Klon”-ek egindako lanari esker.

 

Data eta antolaketa

Azaroaren 21ean BBK-k komunikabideei zabaldu zienez, aurtengo Azoka hilaren 22an egingo da, astelehenean. Aste bat lehenago, ordea, Udalak 20an, larunbatean, esan zuen. Ohiko data abenduaren 21a denez, bitan aldatu da Gabon eguna, Urteberria zein Euskararen, Emakumearen edota Langilearen eguna bezain zehaztuta dagoen data. BBKren aburuz, data aldatzeko Zazpi Kaleetako bizilagun, merkatari eta ostalariak hartu ei ditu kontuan.

Bilboko Konpartsok San Tomasen izango gara, datak data. Prentsagatik ezagutu dugu BBKren erabakia. Hortaz, hona hemen gure hausnarketa, Batzorde Mistora ere eramango duguna, bertan guztion parte hartzea ahalbidetzeko neurriak proposatuko ditugula. Izan ere, datorren urtean, 100 urte beteko dira “Klin Klon”-ek San Tomas nekazaritza azoka berriz abiatu eta Bizkaiko baserritarren lana balorean jarri eta zabaltzeari ekin zionetik. Urtemuga berezia baliatuz, berak sustatutako eredu partehartzailea berreskuratu eta San Tomas Azoka guztion artean antolatzeko deia luzatzen diegu inplikatutako eragile guztioi, Bizkaiko baserritarren lana sustatzea xede.

 

SantoTomas2014

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude