Jaigunearen militarizazioa salatu dugu Bilboko Konpartsok

Aste Nagusi honetako gehiegizko presentzia polizialaren aurrean, Bilboko Konpartsok “kezka eta desadostasuna” adierazi eta berretsi dugu jai-eremu seguru bat bermatzeko “oso bestelako bideak” daudela, konpartsakideen konpromisotik hasita. Tomas Del Hierro Gurrutxaga Herritarren Segurtasunerako zinegotziarekin bildu nahi izan dugun arren, zinegotziak uko egin dio Jai Batzorde Mistoko Bilboko Konpartsen ordezkariekin batzartzeari.

Aste Nagusiko jai-eremuan aurten dagoen okupazio polizialaren eta jarrera militarren aurrean, Bilboko Konpartsok “kezka eta desadostasuna adierazi beharra” zabaldu dugu. Sarrera guztietan eta eremu osoan, uniformedun polizia-talde handiak dabiltza, atzera eta aurrera. Hala, “jaietakoa baino, eremu militarra dirudi”, konpartsen iritziz. “Jarrera ere, gogorra darabilte kale-saltzaileen, lehiaketa gastronomikoko parte-hartzaileen edo konpartsakideen aurrean, jaiei dagozkien jarrera lasai eta alaia izan beharrean”. Presentzia itogarri horri buelta emateko bilera eskatu zioten Segurtasun zinegotziari, “baina Tomas Del Hierrok uko egin dio biltzeari, horren inguruan jarduteko”.

Jai eremua konpartson eremua da, eta guk distentsio-gunea izan dadin nahi dugu, aldarte onarena; ezaguna da konpartsakideok inplikaturik gaudela gure eremuaren zaintzan eta hala izaten jarraituko du.

Gaur bertan, Juan Mari Aburto alkateak udaltzain asko dagoela onartu du irrati batean, eta, are gehiago, harroputz aldarrikatu du Udala “ahalegin berezia” egiten dabilela presentzia polizial hori ahalik eta handiena izan dadin. Kontrara, dispositibo hori galeriarentzat da, itxurak egitekoa, eta ez da eraginkorra delinkuentziaren aurrean. Hala, jendearen artean ezinegona eragiten du: jaietako giroan eragin negatiboa dauka. Bestalde, txosnagunetik kanpoko ingurune batzuetan liskar ugari gertatzen dira: atzoko Plaza Zirkularreko liskarra horren adibide argia da. Konpartsetako gunearen eta bestelakoen artean ezberdintasun handia dago ematen diren liskarren kopuru eta intentsitateari dagokionez. Horrek zer pentsatzea ematen du, eta argi dugu ez duela loturarik udaltzainen presentzia, desfile eta itxurakeriekin, baizik eta elkar zaintza beste modu batean eraikitzeko konpartson erabaki irmoarekin.

Ezustekoa izan da alkateak Aste Nagusia bere alderdiaren kanpaina politikorako erabiltzea, sekurokrazia aldarrikatzen eta ezartzen. Uste genuen Aburtok eta bere alderdiak hainbatetan aldarrikatu duten moduan, ‘jaietan jai’ goiburua zela euren ildoa; sekurokraziarik gabe. Jaiak dantza, kirola, kultura, algararako… tartea dira, eta ez alderdien kanpaina politikoak egiteko. Konpartsok kezkatuta gaude, “hainbat herritarrek beltzez eta hori fosforitoz jantzitako konpartsa berri hori zein den galdetu digutelako. Haien jarrera harroputzak ez du bat egiten jai-giroarekin”. Hala, konpartsok, jai-eragile garen heinean, hori artezteko zenbait proposamen egin dizkiegu:
● Kalejirak egin nahi badituzte, jar daitezela harremanetan gurekin, egitarauan lekutxo bat bilatzeko.
● Janzkeran ere keinu festiboak ezartzea aholkatuko genieke: jaietako zapiak eta purpurina pixka bat akaso. Orain darabilten jantzien ordez ere mozorro alaiagoak erabiltzea daukate, gaia nork bere aukeran.
● Herritarroi konfiantza eta segurtasuna ematen diguten pistola bakarrak ur-pistolak dira, batez ere sargori denean.
● Jaigunean seina edo zortzinaka txosnen aurrean plantatuko badira emango diegu guk lana, haien asmoa herria laguntzea bada: piperrak moztu, kamarak bete, garbiketa-txandak… Udaltzaingoak eta euren zinegotzi-arduradunak proposamen horiek aintzat hartu bitartean, guk, konpartsok, espazioen ardura partekatua aldarrikatzen jarraituko dugu, jaigunea bizikidetza gunea izatea izango da gure ahalegin berezia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude