Bilboko Konpartsen oharra, Aste Nagusiko eraso sexisten aurkako protokoloa berriro aktibatu denean

Gaur, bigarrenez, elkarretaratzea egin dugu Aste Nagusian izaten ari diren eraso sexistak salatzeko. Igandetik hona, beste eraso fisiko baten berri izan dugu eta, erantzun protokoloari jarraituz, salaketa publikoa jarri dugu martxan. Badakigu ordea, bestelako eraso batzuk egon direla. Konpartsakide eta herritarrek emandako informazioa bildu dugu eta zuzenean erasoak pairatu dituzten emakumeekin hitz egin dugu.

Sexu-jazarpenak, eraso sexualak eta fisikoak egiteko saiakerak izan dira jaietan zehar eta horietan guztietan autodefentsa eginez arrisku egoeratik ihes egiteko ahalmena erakutsi dugu emakumeok edota bertan zeuden hainbat pertsonen laguntzari esker, erasoak ez dira larriagoak izan.

Gertaera horiek guztiek emakumeak baldintzatzen gaituzte jaiak aske bizitzeko, baina ez gara inolaz ere etxean geldituko eta ez dugu irentsiko menpekotasuna eta beldurra indartzen duten diskurtsorik.

Erasotzaileei aurre egiteko ahalmena dugulako, geure buruak defendatzeko ahalmena baitugu. Haiek sistema patriarkala sostengatzen dute eta hamaika modu baliatuko dituzte gu emakumeok menderatzeko. Baina gu, emakumeok, zuek baino azkarragoak gara, feminismoa, autodefentsa eta elkarren arteko zaintzan baititugu gure indarrak.

Eta indar morea piztuko dugu!

Amorratuta gaude zuokaz, alde Aste Nagusitik, gelditu zuok etxean! Bestela, egurra baino ez duzue jasoko. Agortu zaigu pedagogia, piztu da indar morea!

Konpartsakideon, kolektibo feministon eta herritarron arteko elkarlana ezinbestekoa da erasoei aurre egiteko. Ez dugu lortuko egun batetik bestera, bagenekien borroka luzea geneukala aurretik. Ez gaitezen makaldu, lotu autodefentsari, lotu feminismoari, lotu gozamenari!

Horregatik guztiagatik, gaur gauean Autodefentsa Feminista Asanbladak deitutako manifestazioarekin bat egingo dugu konpartsok, erasorik gabeko Aste Nagusi baten alde.

Beldurrak gurekin jai!

Kalea, gaua eta jaiak gureak dira!

Guk gozatu, zuek errespetatu eta hura zaindu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude