Bilboko Konpartsen oharra, Aste Nagusian jasandako eraso sexisten inguruan, igandean: Erasotzaileei hortzak erakutsi!

Aste Nagusiko igandean, kalera atera gara emakume talde baten kontrako eraso sexista eta xenofobo bat salatzeko.


Ostiraletik larunbaterako goizaldean Patriarkatuaren seme peto batek bere misoginia eta xenofobia erakutsi zituen kaletik paseoan zebilen emakume talde bat erasotu zuenean, bai hitzez eta bai fisikoki ere. Emakumeek erasoari aurre egin zioten eta haien erantzun ausartari esker erasotzailea identifikatzeko informazio preziatua lortu zuten. Gertatzen ari zenaz jabetu ziren zenbait pertsonek ere esku hartu zuten, eta horrek ere erasoa geldiarazten lagundu zuen.

Bilboko Konpartsok egiten den eraso oro irmoki gaitzetsi nahi dugu eta azpimarratu nahi dugu emakumeon askatasuna urratzen duen jarrera bortitzen larritasuna, jaietan zein jaietatik kanpo burutu.

Jai-esparruak, eta hiria bere osotasunean, emakumeontzako leku seguruak izan daitezen nahi dugu.
Indarkeriarik gabeko Aste Nagusia bizi nahi dugu, edozein motako eraso sexistarik gabekoa. Emakume izateak ezin du arrisku-faktorea izan, ez dugu onartuko eraso bat izatearen beldurrak gure aukerak mugatzea.

Gure jaietan denontzako lekua aldarrikatzen dugu, berdin dio jatorri, sexu, genero edo sexu-identitateak.

Ez ditugu nahi jazarri, erasotu, intimidatu egiten gaituztenak; ez dugu nahi erasotzaileak gure jaietatik modu askean eta inpunitate osoz ibiltzerik.

Eta bai erasotzaileei aurre egin dieten emakume ausartek, bai Konpartsok eta bai konpartsakideok adi eta aurre egiten jarraituko dugu; jai-eremutik bota ditugu eta botako ditugu, autodefentsa eta elkarren zaintza sustatzen eta erabiltzen jarraituko dugu, gozamena aldarrikatzen jarraituko dugu, iluntasunaren gainetik egongo gara, eta errespetua eta elkarren zaintza aldarrikatzen segiko dugu.

Erasotzailerik gabeko Aste Nagusi baten alde!
Kalea, gaua eta Aste Nagusia gureak dira!
Nik gozatu, zuk errespetatu, hura zaindu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude