Denaren gainetik, umorea eta adierazpen askatasuna

Bilbo, 2018/12/18

Bilboko Konpartsak federazioak babesa erakutsi eta besarkadarik handiena eman dio Hontzak konpartsari, gaur goizean bere aurka egin duten epaiketaren harira.

Iazko Aste Nagusian, Hontzak konpartsako txosnaren dekorazioari betoa ezarri zioten. Bilboko Konpartsok argi dugu eraso hori ez zitzaiola Hontzak Konpartsari bakarrik egin, baizik eta Bilboko Konpartsa guztioi.

Gaurko epaiketa, San Tomasetik gertu egin arren, Aratuste-saio aurreratu ba iruditu zaigu, hori bai, txarto programatua eta okerrago antolatutakoa. Gaur Fiskaltzak bufoikeria triste batera gonbidatu gaitu, Falange Vasco-Navarraren ezinbesteko laguntzarekin. Agian Lehiaren Euskal Agintaritzara jo beharko genuke, Aratusteak antolatzea baita Bilboko Konpartson eta Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoaren eskuduntza, ardura eta lana.

Bilboko Konpartsok jai-eredu herrikoia defendatzen, babesten eta bultzatzen dugu. Eraikitzeko lanetan dihardugu, gizartean dauden hainbat aldarrikapeni ere lekua eskainita, eta beti ere umoretik eta baita satiratik ere. Aste Nagusia guztiontzako tokia da. Bilboko Konpartsok askotariko iritziak biltzen ditugu, jarrera irekia dugu, eta eraldaketa soziala bultzatzen dugu. Urte osoan egiten dugu lan aktiboa, askotariko sentsibilitateetatik Bilbon eta Bilbotik haratago modu pluralean eragiteko. Eta gaurkoan jasandako erasoa konpartsoi ez ezik, herritar denei ere egindako erasoa izan da, eta ez du kabidarik gure jai-eredu herrikoian.

Ez dugu uste satirari inongo mugarik jarri behar zaionik. Kritikak eta salaketak inongo kolektibo gutxiestuaren gaineko zapalketarik eragiten ez duen bitartean, umorea eta satira iruditzen zaizkigu duinak, zilegiak eta beharrezkoak, eta ezinbestekoak dira gizarte plural, kritiko, parekide eta arduratsu batentzat. Hobetzeko bide bakarra baita jarrera ireki hori izatea.

Gora Aste Nagusia!!! Gora jai herrikoiak! Gora umorea eta gora Bilboko Konpartsak!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude