Kopla Txikien Lehiaketak estreinatu ditu Bilboko Aratusteak, musika, mozorro eta ironiaz beterik

Mozorroz jantzi da Zabalguneko Eraikina, Aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketan

Ehundik gora parte-hartzaileek hartu dute gaur Zabalguneko Eraikina, Bilboko Aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketa berriaren hirugarren edizioan. Oholtzatik barreiatu dituzte ironia, sarkasmo, kritika sozial eta politikoa eta, batez ere, umore dosi handiak; hala, Bilboko Aratusteen osagai nagusiak musika, koreografia eta mozorro koloretsu eta ikusgarrien sorta ederrekin nahastu dituzte. Jai-batzorde mistoarentzat ohorea izan da honako sariak ematea:

Lehen saria: Sinkuartel Konpartsa “En Turquía me colé” kopla abestuta

Bigarren saria: Uribarri Konpartsa

Hirugarren saria: Potojorran taldea

Mozorro onenei saria: Altxaporrue Konpartsa

Animazio onenari saria: Hontzak Konpartsa

Aurten jorratutako gaien artean honakoak nabarmendu dira: Dolores Ibarruri, Tomas Zumalakarregi eta Sabino Arana Bilboko kaletegitik kentzeko PPk aurkeztu zuen mozioa; euskal presoen dispertsio politika; Biba kultur egitasmoaren jaiotza; Espainian Frankismotik Borbonismora egindako bidaia; Mozal Legea eta Txupinera hautatzeko sistemaren gaineko auzia; Europar Batasuna eta errefuxiatuen krisia; argiaren igoera eta enpresa elektrikoen etekinak; eta euskaraz bizitzeko aldarria.

Bilboko Aratusteetako kopla txikiek 502 urte bete dituzte, gutxienez. Izan ere, 1515. urtean dokumentatuta daude lehenengo aldiz, sindikoak alkateari gutuna igorri baitzion, orduko kritiken eta sarkasmoen berri emanez.

Aratuste asko geratzen da oraindik

Kopla Txikien Lehiaketa pasatu den arren, otsailaren 28ra bitartean Bilboko Aratusteetako ekitaldi asko ospatuko dira. Jai-batzorde mistoak prestatutako egitarau zabalean honakoak nabarmendu daitezke:

  • Domekako pontxe- eta torrada-txapelketa.

  • Eguen gizeneko Zazpi Kaleetako kontzertuak.

  • Bariku meheko eskolen desfilea eta Farolin eta Zaranbolasen epaiketa.

  • Aratuste-zapatuko Bilboko erdiguneko egun osoko festa: sukalde erraldoia, umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa, eta abar.

  • Neguko giroa eta sabelak epeltzeko sasoi betean dauden bertoko indaben domekako txapelketa.

  • Asteleheneko Plaza Barriko familientzako kontzertua.

  • Martitzenean, “negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogun agurra”.

Argazki bilduma

Bideo laburpena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude