Itsaskien munduko lehiaketa bakarra aurkeztu dugu, slow food filosofiaren pean eta kalean egina

Gaur goizean, Erriberako merkatuan, aurtengo Aste Nagusiko “Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festival”a aurkeztu dugu Bilboko Konpartsok, Makilaren Kofradiak eta hainbat sukaldarik, umeak protagonista izango diren “Euskal Txiki Master”arekin batera.

Aste Nagusiko “Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festival”a (BKAFF) Bilboko Konpartsok babesten dugun jai herrikoien ereduaren isla da: “kale-hartze eta parte-hartze herritarra bultzatu nahi dugu; izena ematera animatuko diren partaideek gure kulturan oinarrizko diren itsasoko produktuak prestatu beharko dituzte Areatzako jai-esparruan, asteazkenetik larunbatera bitartean eguerdi aldera. Izan ere, betidanik izan dira garrantzitsuak gure gastronomian itsasoko produktuak, eta antzina Bilboko lehen portua izan zen Erriberako merkatua erreferentzia da bilbotarrontzat gaur egun ere”. Hori dela eta, aurtengo “IV. Koilara handia” saria Erriberako merkatuari eman diogu, eta haren izenean, Ascension Andrese-k, merkatuko merkatarien elkarteako lehendakari ordea, eta Yolanda Diezek, udal osasun eta kontsumo salileko zinegotzia, jaso dute BKAFFaren aurkezpen honetan.

Munduan slow food filosofiaren pean eta kalean egiten den lehiaketa bakarra da BKAFFa. 4 egunetan zehar arrain hauek prestatu beharko dituzte Areatzara hurbiltzen direnek: txipiak bere saltsan, marmitakoa, makailaoa bizkaitar erara eta makailaoa pil-pil saltsan. Bilbotarrek, ingurukoek zein kanpoko bidaiariek parte har dezakete. Hori sustatze aldera, Bilboko Konpartsok hiriko hainbat hostel-en laguntza izaten dugu, eta kanpoko bidaiariei ere helarazten diegu parte hartzeko gonbitea.

Aurtengoa BKAFFaren laugarren edizioa izango da, eta horren barruan “Euskal Txiki Master”a izar bihurtu da. Umeentzako jarduera honetan hauek izango dira prestatu beharreko elikagaiak: astelehenean, gula eta otarrainxka entsalada; asteazkenean, pintxoak Ibarrako piparra, antxoa eta Euskolabel arrautzekin; eta ostiralean, kokotxak kazolan. Eta ostiralarekin batera, aurten lehenengoz izango dira Bermeoko “Anchoas Royo” kontserberako kideak umeentzako saio didaktikoekin. Saio didaktikook ostiralean, 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan izango dira eta antxoak gatzetan nola egin azalduko dute 30 minutuko saio banatan. Azken urteotan, arrakasta izugarria izan du etorkizuneko sukaldarien artean slow food eta kilometro zero filosofiak, eta arraina osagai nagusi duten platerak prestatzea. Umeentzako aukera paregabea da Areatzan goiza pasatzeko eta Euskal Herriko sukaldaritzarekin saltseatzen hasteko edota jarraitzeko.

Gogorarazi dugunez, “BKAFFa eta Txapelketa gastronomikoa bere osotasunean, boluntario ibili diren eta dabiltzan askoren lanaren arrakasta da. Ordutan eta dirutan zenbatu ezin den lan horietakoa, eta horretan guztian zeresan handia dauka Makilaren kofradiak eta berau osatzen duten lagunek eta konpartsakideek, Pedro Prieto buru”. Horiekin batera, Bilboko eta Bizkaiko sukaldari onenetakoak: Jose Luis Perez Landeta (Casa Rufotik), Aitor Elizegi (Bascook jatetxetik), Ricardo Perez (Yandiola jatetxetik), Fernando Madina (Zapirain jatetxetik), Txomin Gomez (Lurrina jatetxetik), Juantxu Larrucea (gastronomoa) eta Marimar Alonso, Angel Ortiz eta Kepa Freire, Makilaren Kofradiako kideak; eta aipatzekoa Bilboko hostel desberdinek ematen duten laguntza informazio guzti hori zabaltzen, bidaiariek benetako Aste Nagusiaz goza dezaten.

Bilboko Konpartsok azpimarratu dugu Areatza partaidez betetzearen garrantzia; “aukera ezin hobea da Aste Nagusian protagonista izateko, modu aktiboan parte hartzeko eta izugarri gozatzeko”. Halaber, adierazi dugu aurten “marka guztiak urratzea” espero dugula.

Txapelketa hori aurrera ateratzeko jasotzen dituzten laguntza guztiak eskertu ditugu: sukaldariena, Bilboko Udalarena, Erriberako Merkatua, eta postuetatik atrezzoarekin lagundu duten lagunena ere bai.

SONY DSC

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude