Aste Nagusi plural eta barneratzaile baten aldeko aldarria egin dugu Bilboko Konpartsok txosnen muntaiaren hasieran

Gaur, Bilboko Aste Nagusirako zortzi egunetara, txosnen muntaiari ekin diogu Bilboko Konpartsen federakundea osatzen dugun 29 konpartsok. Eta 2017ko edizio honetan, Sukaldaritza Txapelketaren indarra goraipatu nahi izan dugu Konpartsetatik eta aurten lehenengoz antolatuko den txapelketa beganoaren inguruko xehetasunak eman ditugu: “Patatak saltsa berdean” prestatuko dira Aste Nagusiko astelehenean Areatzan, Sukaldaritza Txapelketari hasiera emanez. Garai bateko “Amparo” jatetxea ekarri dugu oroimenera, haien errezeta “bilbotar petoa” iradokiz; hala, ortuko barazkiekin soilik egindako txapelketan parte hartzeko gonbitea egin dugu.

Aste Nagusiaren jai-eremua eraikitzeko lanak hasi berri ditugunean, Bilboko Konpartsetako kideok aurkezpena egin dugu gaur Bilboko Areatzan.

Dagoeneko hasita daude jai-eremua osatzen duten 29 txosnak muntatzen. Eta, azaldu dugun bezala, 150 tona mekanotubo, 1.200 metro koadro lona, egurrezko 1.500 panel baino gehiago, 1.100 inguru litro margo, eta, batez ere, urte osoko lanaz gaindiko 29 konpartsetako 400 pertsonatik gorako ia hamar eguneko milaka lanordu boluntario dira Aste Nagusi benetan nagusi bat egiteko errezetaren osagai agerikoenak. Eta lanean hasita gaude dagoeneko, txupina botatzeko zortzi egunetara.

Gaur egin dugun aurkezpenean adierazi dugunez, jai herrikoien, parte-hartzaileen, euskaldunen eta parekideen alde aritzen gara lanean urte osoan zehar, eta egun gutxi barru hasiko den Aste Nagusia horren guzti horren adierazlea izan dadila nahi dugu.

Gaurkoan, Aste Nagusian egunez Areatzan sortzen den giroari erreparatu nahi izan diogu. Herritar guztiak biltzeko gunea da, txiki eta handi gastro-txikin eta Sukaldaritza Txapelketa orokorrean, eta, orain, aukera beganoa egiten dutenek ere, tokia izango dute.

Hain zuzen ere, jaiak parte-hartzaileagoak eta barneratzaileagoak izatea nahi dugunez, aurtengo Aste Nagusirako errezetan, osagai bat gehitu dugu Bilboko Konpartsok: erabat sendotua eta parte-hartzailea den Sukaldaritza Txapelketan eskaintza berri bat aurkeztu dugu: astelehen nagusira zabalduko da, eta “ortuko produktuekin soilik” egindako platera izango da Gastronomikoari hasiera emango diona.

Patatak saltsa berdean eta “Amparo” jatetxe historikoaren errezeta

Gaurkoan, bada, Sukaldaritza Lehiaketan parte hartzeko gonbite gastronomiko berria egin dugu. Txapelketa gastronomikoaren bilakaerari jarraiki, edizio honetan “patatak saltsa berdean” gisatua aurkeztuko da lehenengo aldiz, gure sukaldaritza tradizionaleko jaki tipiko-tipikoa, gure ortuko
produktuekin egina. Era horretan, areago hurbilduko dira gure ortuko produktuak lehen plano esklusibora. Hain zuzen ere, sukaldaritza barazkijale eta beganoari txoko berria sortu zaio Bilboko Aste Nagusian, eta aukera horri begirako gastronomia-eguna sortu dugu, Sukaldaritza Txapelketa egun batean luzatuz.

Eta errezeta jakin bat ekarri dugu, proposamen gisa, garai bateko Bilboko jatetxe benetan historiko baten errezeta: Ursula, Sira eta Vicenta de Azcaray y Eguileor hiru aiztek urtetan gidatutako eta haien ama Felipak abiatutako “Amparo” jatetxe ospetsuarena. Hiru emakume horien memoria ere ekarri nahi izan dugu, eta Bilboko garai bateko sukalde gehienetan egon den liburuaren errezeta gogorarazi dute, ortuko produktuekin soilik egindako errezeta da, hain zuzen ere, Ursula, Sira eta Vicentarena:

Patatas con salsa verde: Peladas, limpias y cortadas en ronchas del grueso del canto de un duro, se les da una vuelta a la cazuela, donde se habrá puesto aceite y perejil picado y ajo y un pedazo de pimiento seco remojado (que se frota un poco para dar color cuando empiece a hervir). Dadas estas vueltas, se les echa agua templada (la necesaria para completar el cocimiento) y sal, dejando que hierva suavemente todo, pero sin removerlo; a lo sumo menear un poco la cazuela y con mucho cuidado de que no se queme, para lo cual se le quita el fuego cuando las patatas estén ya secas”.

Eta Aste Nagusirako eskaintza gastronomiko berrirako hauei egokituko zaie aurtengoan aurkeztutako lapikoak dastatu eta epaitzea: Ana Beltrán Muñoz (Sukaldikas elikadura eta sukaldaritza eskola, Bilbo), Alexandra Toca Martínez (Karuna Coaching Nutricional, Basauri), Sandra Mateo Suárez (Bohemian Lane goxotegia-kafetegia, Bilbo), Unax Erkoreka Lakunza (Guretxoko Bloga), Julio Flor (Idazlea), Francisco Vásquez Neira (Anima Naturalis, animalien defentsarako erakundea, Bartzelona) eta Unai Fernández (Black Salad jatetxea, Gasteiz).

Ana Beltrán Muñoz nutrizionistak eta elikadura eta sukaldaritza makrobiotiko eta beganoan espezializatutako Sukaldikas-eko irakasleak agerraldian adierazi duenez, oso interesgarria da Aste Nagusiko Sukaldaritza Txapelketak eskaintza beganoari tokia egitea, haren ustez elikadura-aukera barneratzaileena eta jasangarriena baita, eta gero eta jarraitzaile gehiago biltzen dituen aukera baita.

Bukatzeko, estreinekoz egingo den plater horretarako, gainera, parte-hartzaileek doan izango dituzte patatak, nahi izanez gero, ehun kilo Arabako patata oparituko baitizkiete BM Supermerkatuek Areatzara hurbiltzen diren sukaldariei.

On egin, eta Aste Nagusirako ondo prestatu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude