Gaur banatu dugu Bilboko Konpartsok San Tomasen egutegiak eta pintxoak salduz lortutako dirua eta egun horretan zozkatutako saskia

Egutegi- eta pintxo-salmentan lortutako dirua Tosu Betirako erresistentzia kanpaldiari eman diogu aurten, Getxoko Tosu estratan ortu kolektiboa defendatzen duen eragileari. San Tomas egunean zozkatu zen hemengo produktuz hornitutako saskia Daniela Hristova eta Gudrun Hadlerri suertatu zaie, haiek erosi baitzuten 1567 zenbakidun txartela zekarren egutegia.

Adiskidetasun giro politean eta jan-edanaren epelean banatu dugu gaur Bilboko Konpartsok San Tomas egunean zozkatutako otzara ederra eta egutegien salmenta zein pintxo-banaketan lortutako dirua.

Daniela Hristova eta Gudrun Hadlerrek erositako egutegiak zekarren aurten San Tomas eguneko zozketan saritutako 1567 ordezko zenbakia; lehengo saritua, 2369 zenbakiduna, banatu gabekoen artean zegoen. Iaz Bilboko Konpartsen ekarpena jaso zuen LaboreBilbo kontsumo-elkarteari hartutako ortuariak, Basatxerriko txerrikiak, Boga garagardoa eta Esnetik Kooperatibako eta bidezko Merkataritzako produktuz beteriko saskia “kuadrillan afari ederra egiteko” probestuko dutela aitortu digute sarituek. Zorionak eta on egin!

Horrez gain, eta urtero legez, bertoko nekazaritza edota abeltzaintzarekin harremana duen proiektu bati eman zaio egutegien salmentarekin lortutako dirua. 2018ko egutegien eta San Tomas eguneko indaba eta txerriki-pintxoen salmentatik lortutako dirua, hau da, 1.350 euroak, Tosu Betirako egitasmoari helaraztea erabaki dugu Bilboko Konpartsok. Getxo udalerriko Tosu estratan ortu kolektiboa eta Lehen Sektorea defendatzen dituen erresistentzia-kanpaldia da Tosu Betirako ekimena. Konpartson ordezkarien hitzetan “zinez aberasgarria izan da guretzat guztiontzat bestelako jendarte-eredu baten alde lanean diharduten kideekin goiza igaro eta euren proiektuaren berri lehenengo pertsonan ezagutzeko aukera izatea”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude