Aste Nagusia defendatzen

Gure ospakizunean tarte bat egingo dugu azken asteetan jasaten ari garen presio mediatikoari egokien den moduan erantzuteko. Giroa berotzen dauden einean eta inor erre ez dadin, SERIOTASUNA, ARDURA ETA ZINTZOTASUNA eskatzen dugu Bilboko Konpartsei buruz botatzen diren informazio eta diskurtsoen inguruan. Bai komunikabide batzuk eta bai alkateak bazterrak nahasten dabiltza giroa baretu beharrean. Guztiz lotsagarria iruditzen zaigu Bilboko Konpartsek orain bi aste publikoki azaldutako planaren inguruan nahita gezurrak botatzen egotea.

Guzti honek, argiago uzten du gaur egun Bilbon arriskuan dagoela ezagutzen dugun jai eredu herrikoia. Ez gara ari Aste Nagusiren inguruan bakarrik, triptikoan azaltzen dugun bezala eta Azkunak dioen bezala inauterien inguruan ari gara baita ere. Hor ikusten da nola nahiz eta Bilboko Konpartsek behin eta berriro hasierako inauteri bateratua berreskuratzeko lana egiten egon, udaletxea bi jaitsiera mantentzen tematu da honela gastuak bikoiztuz eta herritarrak banatuz. Alkatetzarekin egindako batzarretan komunikatu zitzaigun nahiz eta gu teorikoki udalarekin batera Bilboko inauterien antolatzaileak izan ez dagoela baldintza politikorik ez orain ezta epe laburrean jaitsiera bateratua egiteko Gran Viatik. Beraz, udaletxeak hartutako erabakia da eta ez gure jarrerarekiko arazoa.

Berresten dugu gure Aste Nagusiko planteamenduak ez duela presioekin ala mehatxuekin zerikusirik. Are gehiago, gure planteamendua hostalariei eta dendariei gure ideiak helaraztean, komunikatzean eta eztabaidatzean oinarritzen da. Eta horrela egin dugu. Aste honetan deitutako batzarretara etorri diren guztiek zuzenean, manipulaziorik gabe, ikusi dute gure asmoa eurekin elkarlana sustatzea dela uste dugulako beraiei ere zuzenean eragiten diela jai esparruan gertatzen den orok. Eta hori bera da egiten hari garena Bilbo osoa buzoneatuz, gure mezua zuzenean helarazi, gure mezua aldrebesten duten bitartekorik gabe.

Ez da gure estiloa inor mehatxatzea edo presionatzea. Horixe bera da alkateak egiten duena dendariei Udalaren languntza publikoen alusio zuzena egiterakoan hauek Bilboko Konpartsen plantoarekin bat egitekotan. Jai eragileak gara eta argi utzi nahi dugu Bilboko Konpartsetako inor ez dela agertu eta ez dela agertuko inondik pikete moduan edota jendea ezertara behartzen.

Txori Barrote eta Kaskagorriri dagokionez, zigorrak errekurrituta daude instantzia guztietan, judizialki ere. Sistema baina, motela da eta urte batzuk pasa arte ez dugu erantzunik izango. Ustez guk onartutako ordenantza bat ez betetzea egozten zaigu baina benetan urte luzeetan PNV eta PSOErekin adostutako ordenantza ez da gerora udaletxean osoko bilkurara eraman zutena.

Azken egunotan gure mezua zigorren inguruan zentratu nahi izan dute baina egun batez ixteko arrazoiak asko dira. Benetan asko larritzen gaituena Aste Nagusi herrikoia eta partehartzailea, udaletxea eta herriaren arteko eredu mistoa, arriskuan dagoela da.

Adibide moduan, aste honetan udalak prentsaurrekoan egindako Aste Nagusiko programazioaren aurkezpena: Aste Nagusiaren inguruko bideo bat botatzen da eta lema bat, total free, baina ez da agertzen ez Bilboko Konpartsarik ez inolako txosnarik ezta hauekin lotutako inolako ekimenik bideo osoan. Hau da benetako arazoa, urteetan zehar salatzen duguna, Aste Nagusiko alde herrikoia jaietatik kendu nahi dutela.

Alkateak hainbatetan errepikatu du egungo jai ereduaren alde dagoela. Guk hori egiaztatzea nahi dugu batzorde mistoaren benetako kudeaketa plural batekin. Eta ez gaur egun bezala, non soilik informatuak izatera joaten garen, udaletxeko teknikariek jai programaren inguruan hartutako erabakien inguruan informatuak izatera. Aktak ere ez dizkigute bidaltzen! Gainera, Aste Nagusia 2009ari buruzko ikerketa soziologiko bat bahituta daukate, non Bilboko Konpartsak indartuta agertzen den herritarren iritziz. Ekintzak, ez hitzak!

Bilboko Konpartsetatik uste dugu Bilboko herritarrak direla gaur eguneko jai ereduaren funtzionamendua ezagutu behar dutenak eta baloratu behar dutenak. Baina udaletxetik gauzak modu garbi eta zuzenean ez aurkezteak arduratzen gaitu eta benetako arazoa estaltzeko trikimailuak egiten ibiltzea, horrela jendartea desinformatua eta, are txarrago, engainatuta eduki nahi izatea.

Guzti honengatik gure mezua eta ekimenak berresten ditugu, eta gure ardurak Aste Nagusi berezi bat planteatzera eramaten gaitu, non nahiz eta asko sentitu, ez dugun jai egun batean parte hartuko. Ez dugu presio guzti hauek onartzen jarraituko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude