Bilboko Konpartsek jendearen parte-hartze eta inplikazioa txalotu dute haien Aste Nagusiaren balorazioan, poliziaren esku-hartzea salatzeaz batera

Gaur, Aste Nagusia bukatuta, hau da Bilboko Konpartsok egin dugun balorazioa:

Agurtu dugu jada geure Marijaia, barre eta negar artean, benetan zirraragarria izan den Aste Nagusi honetan. Aurten, urtero bezala, hainbat apustu berri egin ditugu programazioari begira, eta lortu ere bai: Arriagako Plaza, Gargantua, Erripako jarduerak mantentzea, eta abar. Horrez gain, izugarria izan da Aste Nagusia beste behin ere, denoi esker. Zalantzarik ez dugu, munduko jai onenen gakoa jendea bera dela.

Aurten bereziki jaigiroaren zaintzan modu aktiboan inplikatu den jendartearen ekarpena eskertu nahi dugu. Bai programatutako ekintzetan nola hartu den parte, eta bai gatazkak eta liskarrak gertatu direnean, izan dituzten jarrera eredugarriak… Eskerrik asko denoi, ezinbestekoak zarete!

Aste Nagusian ematen den parte-hartze izugarri horren isla bat sukaldaritza-lehiaketan ikus dezakegu. Guztira 750 lapiko inskribatu dira, hurrenez hurren horrela banatuta: 40 lapiko-patata, saltsa berdean; 345 tortilla, 72 txipiroi kazola, 56 bakailaoa bizkaitar erara eta 57 pil-pil saltsan, 130 marmitako kazola eta 50 buztan gisatu, guzti-guztiak bertoko produktuz osatuak, slow-food eta kilometro zero filosofiapean. Ikusi dugunez, sukaldaritza-lehiaketaren arau berriak baliagarriak izan dira parte-hartzea oraindik gehiago sustatzeko eta sukaldaritza zale gazte gehiago erakartzeko. Modu berean, Hiri Krosean 1.915 korrikalarik eman zuten izena, kategoria denak aste batean bete zirela.

Sukaldaritza eta kirolaren zale ez direnek ere izan dute haien txokoa Aste Nagusi honetan, konpartsok antolatu ditugun 566 ekintza baino gehiagoren artean: puzgarriak, eskalada-murrua, kale-antzerkiak, kontzertuak, denetariko tailerrak… Bakarrik 5 ekintza geratu dira egin barik, arazo teknikoak direla eta; eta azken momentuan sortutako beste ekitaldiak dozenatik gora izan dira. Arriaga Plazaren giroa indartu izanak poztu gaitu: tartean, bitsa-festak eta Gargantua. Umejalearen itzulera ospatu dute gure txikiek; urteotan Arriagarako bisita egin gabe ibili baitzen. Baina aurten, 165. urteurrenean, bueltan izan da ume denak irensteko.

Aurtengo Aste Nagusiko beste protagonista bat izan da Erripako kaia, zoritxarrez. Bertan antolatzen diren ekintzatan eragin zuzena izan du Udalak erabilitako egintza burutuen politika. Lan handiz lortu dugu aurrera ateratzea bertako ekimen ia denak: besteak beste, Hiri Kroseko ia 2.000 korrikalarik bertatik pasatu ahal izan zuen; waterpolo-lehiaketaren finala bertan jokatu zen; ur-jolasak burutu ziren Ibaizabalean; eta saskibaloi-lehiaketa arrakastatsua izan zen, 180 lagun baino gehiagoren parte-hartzearekin; baina bertan ipinitako kaseten presentziak eta jarrerak asko zaildu dituzte aipatutakoak.

Gainera, kaseta horiek ez diete jaiei ekarpenik egiten, programazio eta giro eskasekoak dira, balizko lukrorik gabeko animoaren atzean azpikontratazioa sustatzen dute, pribatizazioa eta prekarizazioarekin batera eta, falta zena, genero-eredu kezkagarriak darabiltzate… finean jai-ereduarekin bat egiten ez duen pegote bat dira. Kontrara, Aste Nagusia nagusia bada, jai-ereduari eta elkarlanari esker da.

Dena den, hasieratik esan dugun bezala, uste dugu Udalak interes pribatuen alde egindako domino- jolasari atzera buelta eman ahal zaiola, datorren urteari begira. Gu betiko legez, prest gaude horretaz eta denetaz berba egiteko.

Aurten ere, eredu herrikoiak eta elkarlanak gainditu du negozio pribatua. Horren adibide da Bilbo Kantari, aurten Aste Nagusiko bandera Urdina jaso duena, Bilboko Konpartsok Aste Nagusiko onenari urtero egiten diogun aitortza. Bilbo Kantariak musikaz eta herri doinuz bete ditu Zazpi Kaleak aurten ere eta, Aste Nagusian ezezik, urte osoan zehar, hilero-hilero, antolatzen dituzte kantaldiak.

Bandera marroiak, ordea, Aste Nagusiaren okerrena seinalatu nahi du eta aurten Juan Mari Aburto alkateari egokitu zaio, banda munizipalaren zuzendariari; baina ez musika banda, ez, jaigunea kopetilun patruilatzen eta jaigiroa zapuzten ibili den polizia munizipalaren banda. Okurritu egin zaio alkateari esatea gu, akaso, ez gaudela kalean, bai ordea, bera. Ongi jakin beharko luke berak konpartsakideok kalean bizi garela, bai Aste Nagusian eta bai urte osoan zehar, kaletik eraikitzen baitugu jai eredua.

Atrebentzia handia da alkateak “kalea”ren sen ona erabiltzea bere politikak zuritzeko. Bide batez, berriro ere salatu nahi dugu Aste Nagusiko asteazken arratsaldean, udaltzainek konpartsakide bat bortizki jazarri eta hemeretzi orduz izan zutela atxilotuta. Uste dugu konpartsakide horrek bere gorputzean sufritu dituela udaltzainen gehiegizko presentziaren aurka egindako salaketen errepresaliak. Eta ez da gehiegikeria polizialaren adibide bakarra izan, danok baitugu gogoan asteazken gauean kale-saltzaileen kontrako eraso bortitz eta arrazista. Bilboko Konpartsok ez ditugu onartzen udaltzainek erakutsitako biolentzia eta erreakzioa, ezta horien jarrera bortitz, harroputz, oldar, haserre eta maskulinitate-eredu inposatzailea duten horiek.

Askotan adierazi dugun bezala, polizia kopuru ugariak ez du segurtasuna bermatzen; oso efektu kontrakoa eragiten du. Jaiguneko eta hiriko segurtasuna aztertzeko orduan hausnarketa sakonagoa egin behar da eta berau bermatzeko oso bestelako bide eta lanketak behar dira.

Tamalez, aurten ere, agertu dira erasotzaileak Aste Nagusian. Ez ditugu nahi jazarri, erasotu, intimidatu egiten gaituztenak; ez dugu nahi erasotzaileak gure jaietatik modu askean eta inpunitate osoz ibiltzerik. Eta balioan jarri nahi ditugu bai erasotzaileei aurre egin dieten emakume ausartak, bai jendartearen inplikazioa eta aurre egitea, eta bai Konpartsok eta bai konpartsakideok adi eta aurre egiten jarraitzea; autodefentsa feminista eta elkarren zaintza sustatzen eta erabiltzen jarraituko dugu, gozamena aldarrikatzen jarraituko dugu, iluntasunaren gainetik egongo gara, eta errespetua eta elkarren zaintza aldarrikatzen segituko dugu.

Bestalde, goraipatuko dugu Itsasne Nuñez Viadero Txupinera eta Pa… Ya! konpartsako kidearen eta Naizen elkarteko bozeramaile den Bea Sever Egaña Pregoilariaren lan bikaina. Bikote ederra osatu dute bi ikonoek eta harro esan dezakegu bilbotarrok gure jaiak berdintasunaren aldeko espazio ere badirela. Zorionak eta eskerrik asko bihotzez!

Azkenik, gaur konpartsakideok jo eta ke gabiltza desmuntatzen eta garbitzen 9 eguneko festa hau. Halere, desmuntaia horren errautsetatik, bihar jada hasiko gara antolatzen San Tomasak, Aratusteak eta datorren urteko Aste Nagusia, eta danetan ere aurtengo maitasun bera ipiniko dugu. Bilbotarrok, ez ezazue ahaztu zuek zaretela eredu herrikoi, parte-hartzaile eta parekide honen protagonistak. Denok garelako Aste Nagusia, denok eraikitzen dugulako eredu herrikoia. Hortaz, gonbidapenik ez duzue behar: zuentzat zabalik daude 28 konpartsen ateak.

GORA JAI HERRIKOIAK!
GORA MARIJAIA!
GORA ASTE NAGUSIA!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude