Berriro bildu gara beste eraso sexista bat salatzeko

Emakumeon aurkako eraso berria salatzeko bildu gara Aste Nagusiko arratsalde honetan. Gaur goizaldean Plaza Biribil inguruan bi neskek sexu jazarpen handiak jaso eta fisikoki erasotu dituzte. Erasotzaileei autodefentsaz aurre egin diete eta erasotzaileak atxilotuak izan dira.

Azken eraso hau zein gainerako guztiak irmoki arbuiatzen ditugu. Emakumeok gure baliabideak eta gure indarra dugu eta erasotzaileei aurre egiteko ahalmena dugu. Autodefentsa da gure baliabide hoberena. Ez dezagun zalantzarik izan, gogoan izan dezagun momentu oro: beldurrari aurre eginez eta gure artean elkartasun sareak indartuz emakumeekiko indarkeria guztiak borrokatzeko eta horiei aurre egiteko gai gara.

Argi eta garbi gera dadila, ezetz diogunean ezetz da! Nazkatuta gaude zuon harrokeria matxistekin eta ez ditugu onartuko. Atzoko erasoa ez da eraso bakarra. Hainbat egoera salagarri ere ematen ari dira. Jazarpen egoerak, irainak eta bestelakoak. Adi egon gaitezen eta jarrera aktiboa izaten jarrai dezagun.

Behar beste aldiz errepikatuko dugu: Emakumeok jaiaz eta espazio publikoaz gozatzeko eskubide osoa daukagu. Gure gorputzen eta askatasunaren jabeak gara. ERASO SEXISTARIK EZ!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude