Bilboko Konpartsek jai- eta elkartasun-ekarpena egingo dute San Tomas egunean

Bilboko Konpartsek Bizkaiko baserritarren egun nagusian izango dira bihar, San Tomas azokan. Jai-egitarau zabala eskainiko dute; gainera, ohiko txerriki eta ortukarien zozketan bildutako dirua Labore ekimenari emango diote.

san-tomas-2

Konpartsek berretsi egingo dute bihar “gure herriak txerriaren inguruan duen ohitura berreskuratu eta tokiko ekoizpena zein elikadura eredu berri baten aldeko apustua”. Ohi bezala, San Nikolas elizaren ingurua dinamizatuko dute, musika, bertsoak eta bertoko jana eta edana ez dela faltako, Areatzako eta Plaza Barriko postuek emango duten nekazaritza-eskaintza osatuz. Azkenik, eguneko zozketarako zenbakia salgai izango da, Bilboko Konpartsen egutegiarekin batera.

san-tomas-3

Programazio-arloan, txosna goizeko 11:00etan zabalduko da. Eguerdian, pintxo eta indabak banatzeari ekingo diote, txalapartaren doinupean. 13:00n izango da bertsolarien txanda, Malen Amenabar, Oihana Bartra eta Maialen Akizurekin. 14:00etan gaiteroek joko dute oholtzaren gainetik. Bazkal ostean eta eguna itxi arte, Urrats erromeriak dantzan jarriko ditu hurreratuko diren bilbotar eta bisitari denak. Tartean, 18:30ean, zozketa burutuko dute, bertoko baserritarrek ekoiztutako barazkiak zein baserriko txerriki ekologikoak eta bidezko merkataritzako produktuekin; txosnaren eszenatokitik egingo dute. Bitartean, 20:00etan, Bilbo Kantariren abestaldia irtengo da Kalderapeko tabernatik, Zazpi Kaleetako Txakur kaletik.

san-tomas-4

Zozketan parte hartzeaz gainera, hormako egutegia Aste Nagusiaren irrika lasaitzeko baliagarri egingo dute konpartsek. Zozketako dirua emango diote Labore ekimenari, bertako kontsumitzaile eta baserritarren aliantzari, nekazaritza bidezko merkataritza altenatiboa bihurtzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude