“Nik gozatu, zuk errespetatu, hura zaindu” aldarrikatu dugu, erasorik gabeko Aste Nagusi baten alde

Bilboko Konpartsok agerraldia egin dugu gaur hedabideen aurrean, eta 2018rako Aste Nagusirako gozamenaren, errespetuaren eta zaintzaren aldeko aldarria egin dugu.

Gaur goizean ehun bat emakumezko konpartsakide elkartu gara Bilboko Areatzan hedabideen aurrean agerraldia egiteko, astebete baino gutxiagoan txosnagunea izango den lekuan bertan. Han argi adierazi dugu erasorik gabeko Aste Nagusia nahi dugula, eta “Nik gozatu, zuk errespetatu, hura zaindu” leloa zeraman afitxa erraldoia erakutsi dugu. Hain zuzen ere, emakumeek askatasun osoz gozatuko ditugulako jaiak, gizonezkoek gure espazioa eta erabakiak errespetatuko dituztelako, eta elkarren zaintzaren kultura gailenduko delako jai-eremuan. Eta lelo horrekin beteko dugu Areatza osoa, ezkiek eutsiko baitituzte banderin moreak, aurten nagusituko den mezua ondo erakusteko.

Emakumeok aske gozatuko dugun Aste Nagusia nahi dugu; gure gorputzak eta gure erabakiak errespetatuko diren jaien parte izan nahi dugu. Elkarlanean eta elkar zainduz, herritik jaiotako urteko asterik luzeena oraindik ere herrikoiagoa egin behar dugu eta horretarako balore feministen aldarria ezinbestekoa da. Hala adierazi dugu konpartsakideok.

Memoriara ekarri dugu nola emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko aldarrikapenetarako bigarren mailako plazak ziren herrietako jaiak, oro har. Egunerokotasunetik eta ohiko jokabideetatik urrun geratzen ziren momentu gisa hartzen ziren jaiak, eta, hortaz, hausnarketa berezirik eskatzen ez zuen zerbait gisa ikusten zituzten.

Baina jaiak bizitzaren zentroan daude, ideien eta balioen munduarekin lotzen gaituztelako festek, gizartearen egiturari, eta pertsonen arteko harremanei erreparatzen dietelako, oro har, eta, bereziki, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremanei erreparatzen dietelako.

Horregatik, agerraldian azaldu dugunaren arabera, ezinbestekoa da festen gozamena erabatekoa izan dadin, emakumeon autonomia oztopatzen duen edozein jarrera nahiz eraso sexistari aurre egitea.

Konpartsok, orain dela hamar urte hasitako jai parekideen aldeko ibilbidean asko ikasi dugu, eta, gaurkoan, aurrera egiten jarraitu nahi dugu eta konpromiso hori berretsi.

Jaiak guztionak izan daitezen eta emakumeok zapalkuntza patriarkalik gabe bizi ditzagun beldurra gutxitu eta jarrera erasokor eta matxistei hortzak erakutsiko dizkiegu, erasorik gabeko jai-gune aske bat marraztuko dugu, lasai eta eroso sentituko garen jai-gunea eraikiko dugu denon artean.

Eta emakumeei ukatutako gozamena defendatzeko errezeta ere azaldu dugu: emakumezkoen arteko sareak indartzea, norbera izanda, lotsarik izan gabe, autodefentsa landuz eta errespetuzko jai-giroa behar den guztietan aldarrikatuz.

Jaietan dauden desberdintasunen adibideak ere eman ditugu: aisiaren kudeaketa, dibertsio momentuak eta espazioak nortzuk gainbetetzen dituzten, eta egun horietan ere zeintzuk eusten duten zaintzaren alderdia.

Jai-guneetan ere, emakumeen eta gizonen arteko harreman-eredu berriak eraikitzeko lan egin behar dela aldarrikatu dugu, elkarren zaintzaren kultura gailenduko den eredu baten alde egin dugu, non erasoen aurrean ardurak konpartituak izango baitira, non heteronormatibitatea zalantzan jarriko baita, non emakumeak beren desioen protagonista izango baitira eta gizonek emakumezkoen gozamenerako eskubidea errespetatuko baitute. Eredu bat non emakumeek festan izango duten parte-hartzea osoa izango baita.

Aurreko proposamenetatik urruntzen da, gure iritziz, emakumeen menpekotasuna indartzen duten beldurraren teknologia anitzak, eta, gure esku dago bestelako bide askatzaileagoetan sakontzea.

Azken urteotan bezalaxe, edozein eraso gertatzekotan Bilboko Konpartsok babesa eta informazioa eskainiko dugu. Edozein modutan, herritarren arreta eskatzen dugu, erasoen aurkako protokoloa aktibatzen bada adi egon eta mobilizazioekin bat egin ahal izateko.

“Nik gozatu, zuk errespetatu, hura zaindu” izango da, bada, datorren larunbatetik aurrera nagusituko den mezua eta jarrera. Aldarrikapen horrekin beteko dugu jai-gunea Konpartsok, Areatzatik zehar Zazpi Kaleen barneretaraino, erasorik gabeko jai-gune askea eraikitzeko, gehiegikeriarik gabekoa, irainik eta jazarpenik gabekoa, erasorik gabekoa.

Gora jai herrikoiak , gora jai feministak, gora Aste Nagusia!

Aurtengo kanpainarekin lotuta landu dugun bideoa jartzen dizuegu hemen : MARRAZTU DEZAGUN ERASORIK GABEKO JAIGUNE ASKEA

Azpitituluak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez aukeran dituzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude