Aste Nagusirako Udalaren jarrerak eta trabak salatzeko komunikatua


Bilboko Konpartsok ez dugu egingo Aste Nagusiko gure egitarauaren ekimen nagusietako bat, eta hasiera batean Jai Batzorde Mistoaren egitaraukoa izango zen beste ekimen garrantzitsu bat deskafeinatuta egingo da, gure eta hainbat jenderen ekarpenei muzin eginda.

Alde batetik, orain dela aste bi harro esan genizuen zinema Aste Nagusira bueltatuko zela. Gas plazan izango zen, azken urteotan azpierabilitako gunean. Zinema, neska-mutil, gazte, heldu eta nagusientzako jarduera kultural zabala da, alkoholaren kontsumoaren alternatiba, festa beste modu batez egiteko aukera. Aste Nagusiko zinemaldian, besteak beste, “Amets Nagusia” dokumentala proiektatzekoak ginen, orain dela 40 urteko Aste Nagusiaren sorrera ezagutarazi eta jai herrikoien aldeko haria belaunaldiz belaunaldi luzatzeko. Ez dago inolako trabarik izan espazioari dagokionez eta Babes Zibilak ere aitortu digu ekintzaren bideragarritasuna. Halere, erabaki politiko baten bidez, ukatu digute baimena ekimena Gasen egiteko, Aste Nagusia hasi baino 11 egun lehenago, beste alternatiba egoki batzuk aztertzea erabat zaildu duena.

Modu berean berba egin dezakegu Euskal Museoaz. Bertan, egun gutxi barru Udalak zabalduko du enpresa bati azpikontratatutako erakusketa bat, Aste Nagusiaren 40. urteurrenaren inguruan. Hilabeteak eta hilabeteak daramatzagu beharrean 40. Aste Nagusiak, bilbotarrok eta data hauetan bisitatzen gaituztenek merezi dugun erakusketa sortzeko. Lehenengo momentutik, Bilboko Jai Arloari eskatu genion elkarlanez jardutea, harro egoteko moduko emaitza izan zedin, baina atzerapenek, ekimenaren esternalizazioak eta lankidetzarako udal-borondate faltak lortu dute estreinatuko den erakusketa ez izatea 40 urte horien isla, eta panel soiletara mugatzea. Marijaiaren kareta, txupinera eta pregoilari jantziak, txupinak jaurtitzekoak, “Amets Nagusia” dokumentala, 40 urteetako hainbat protagonistaren testigantzak, eta abar luze bat. Horiek denak galduko dituzte bilbotarrek; akaso 50. urteurrenerako elkarlaneko ikasgaia ikasiko du baten batek… Gure aldetik, erakusketa hori ez dugu gure sentitzen, ez ditu betetzen gutxienekoak esateko erakusketa duin bat dela eta, hortaz, jaitsi gara ekimen horretatik.

2018koa 40. Aste Nagusia da, eta ez da 41.a. Eta horrek arrazoi historiko bat dauka: 1980an orduko Castañares alkateak marra gorri denak gainditu eta herritarren parte hartzerik gabeko Semana Grande bat antolatu nahi izan zuen. Aldiro-aldiro, horrelako ahaleginak egin dituzte Bilboko alkateek eta Jai zinegotziek. Aurtengo kontua ez da berria, baina horrek ez dio garrantzirik kentzen. Gure aldetik,  Bilboko Konpartsok ez gara jaio haserre bizitzeko. Festa eraikitzeko jaio gara. Horregatik, hurrengo 40 urteetarako bestelako jarrerak nahiko genituzke.

Jakina, ulergaitza da Udalak hain borondate gutxi erakutsi izana 40. urteurrenerako erakusketa elkarrekin antolatzeko, edo, aurtengoan kalean jartzekoa zen zinema eta ”Amets Nagusia” dokumentalaren emanaldiak oztopatzea, urtemuga ospatzeko aukera paregabea izanda. Biak ala biak, Aste Nagusiaren 40 urte hauetan memoria egiteko ekimenak dira.

Lankidetza ez da erraza. Egitura desberdineko eragileen arteko lankidetza, are gutxiago da erraza. Baina, 40 urteko ibilbidean, lankidetzaz ikasi dugu gehien konpartsetan. Kolore askoko lantaldea, elkar ulertzeko borondatea, eta ekintzak aurrera egiteko asmo irmoa. Irabazi asmorik gabeko lan infinitua. Festan, giroan eta gizarte-eraikuntzan irabazteko asmoa da konpartsetako kideen motibazioa, eta milaka ordu musu-truk eskaintzeko arrazoia. Bilborentzat eskuzabaltasun osoz egiten den lana da.

Gaurkoan, bada, Udalaren lankidetzarako borondate eskasa, jarrera bertikala, eta trabak salatu ditugu. Bi adibide horiek nahikoa dira egoera deskribatzeko. Bageneukan isilik geratzea, baina ez zaigu duina iruditu.

Hemendik 1978ko jai haietako lankidetza-izpiritua aldarrikatu eta elkarlanerako deia egiten dugu. Gu lanerako prest gaude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude