Sukaldaritza Lehiaketak arauak berritu ditu, konstantzia eta egunero parte-hartzea saritzeko

Gaur goizean, Bilboko Konpartsok aurkeztu dugu aurtengo Aste Nagusiko Gastronomia Lehiaketa, Erriberako merkatuan. Aste osoko lehiaketak puntuagarriak izango dira sailkapen orokorrerako, lehenengo aldiz. Elkartasun-parriladaren onuraduna Zorrotza Futbol Eskola izango da.

Aurton 41. aldia izango da suen artean Aste Nagusia saltseatzen emango duguna. Lagun asko dabil lanean, lehiaketa aurrera atera eta urtez urte hobetzeko. Lehiaketaren antolatzaileok azpimarratu dugunez, Lehiaketa Gastronomikoak, bere jarduerek eta Bilboko Konpartsen Arrain Fish Festivalak, gure jai-ereduaren isla argia ematen dute, osagai onenak izanda eta elkarlan-saltsaz ondo lodituta: jai herrikoiak eta parte hartzaileak lapikoetan ere bizi izaten ditugu. 1978tik gure sustraiekin batera hazi da Txapelketa Gastronomikoa, lan eskergaren ondorioz.

Arau berriak

Baina ez gara geratu 1978ko antolakuntzan, eta hainbat aldaketa iragarri dugu. Sukaldaritza tradizionalari legez, edozein lehiaketari datorkio ondo baino hobeto berritasun punturen bat, izan jatorrira jotzeko zein ideia berriak bereganatzeko, nortasunari fidel izanda. Hala, aurten, Sukaldaritza Lehiaketak parte hartzea lehenetsiko du. Horretarako, aldaketak izango dira txapelketako arauetan. Garrantzitsuena da 1978an hiru eguneko egitarauarekin hasi zen lehiaketa 2019ko aste osokoa den txapelketara eguneratzea. Horrek ekarri du orain arte asteburuko hiru lehiaketak saritzen zituen sailkapen orokorra aste osora zabaltzea. Beraz, bakailaoa pil-pil eran, marmitakoa eta buztan-gisatua ez ezik, aurten kontuan hartuko dira ere patatak saltsa berdean, patata-tortillak, txipiroiak eta bakailaoa bizkaitar eran. Hala, plater dotoreenetan chef izateaz gain, baloratuko dira konstantzia, egunero aurkeztea eta parte hartzea, zein plater umilagoak kozinatzen jakitea.

Gure lehiaketa ez dago profesionalei zuzenduta, sukaldaritza-zaleei baizik. Lehiaketaren baldintzak hobetzeko, izen-ematearen ordua atzeratu ere egin dugu, 09:30era arte. Bestalde, parte-hartzaileen eskaerei kasu eginez, buztan-gisatuan presio-eltzea erabiltzea baimenduko da.

Bestalde, azken urteotako apustuari jarraituz, aurten ere errezeta begetalek beren lekua izango dute lapikoen artean: lehenengo domekan, zero kilometroko barazkien parriladaz gozatu ahal izango da; astelehenean, patatak saltsa berdean prestatuko ditugu; eta asteazkenean, ordea, Ibarrako langostinoak izango dira Areatzan.

Dastaketak

Bertoko produktuak erabiltzeko filosofia mantenduz, aspaldiko Aste Nagusi haien esentzia berreskuratzen segitzeko konpromisoa berretsi dugu gaurkoank. Horregatik, Bilboko Konpartsok antzinako zaporeak eta pintxo tradizionalak zabaldu gura ditzakegu, gure kilker edo grillo bezalakoa, astelehenean probatuko duguna.

Dastaketekin segituz, bakailao beratua izango da dastatzekoa Aste Nagusiko ostiralean; 500 pintxo baino gehiago banatuko ditugu Iñaki Aurtenetxeren Bacalaos Sayomarrekin elkarlanean. Pintxo horiekin batera, Bilboko ostalaritzaren beste klasiko bat ekarri dugu gogora: kroketa. Arrautzaztatu onenak Bilbon nork egiten dituen erabakiko da ostegunean.

Dena den, dastaketarik handiena lehenengo igandean egingo dugu: Eusko Labeleko 1.200 oilasko- eta txahal-hanburgesa salduko dituzte, Areatza usain gozoez beteko duen elkartasun-parriladan. Ekimen horretan batuko den dirua Zorrotzako futbol-eskolari emango diote. Zorrotza Futbol Taldearen eskolak urte bi daramatza martxan, umeak baloreetan hezten, errespetua eta elkarlana sustatzen; hasieratik, emakumeek protagonismoa daukate eskolan eta dagoeneko eskolako entrenatzaileak izateko prestatzen dabiltza emakume horiek. Hizkuntzaren aldetik ere, hautua egin du eskolak euskaraz entrenatu eta jokatzearena, kirolaren bitartez euskararen presentzia Zorrotzako auzoan zabaltzeko.

Umeen eskola gastronomikoa

Etorkizunari begira ere, umeen jarduera gastronomikoen berri eman dugu. Aste Nagusiko astelehenean, plater begetala prestatuko dute txikiek, fruta-entsalada kozinatzen ikasteko. Asteazkenean, berriz, askotariko entsaladari ekingo dio gure harrobiak. Modu berean, ostiralean, Euskal Txiki Masterrak ere omenaldia egingo dio gure arrain preziatuari eta bakailaoaren kokotxak pil-pilean prestatuko dituzte neska-mutilek, Javier Izarrak, Tamarises Izarra jatetxeko chefak gidatuta.

Ostiraleko programazioa biribiltzeko, Zigor Iturrieta sukaldari ezagunak lagunduta, showkaldaritza saioa izango da; hainbat bakailao-mota kozinatuko dituzte. Eta dena, zuzenean segitu ahal izango da. Ez da Bilboko Konpartsen Arrain Fish Festivalen, BKAFFen, ekimen bakarra izango: Sukaldaritza Lehiaketako lau egunak osatzen dute festibala, bigarren larunbatean egingo den hegaluze-parriladarekin batera.

Ezinbestean, Sukaldaritza Lehiaketaren aurkezpena amaitu dugu lapikoen artean, Aste Nagusian kozinatuko diren plateren dastaketarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude