2023rako “Elkarlan Uholdea” iragarri dugu konpartsok

Uholdeak gertatu eta 40 urtera, Bilboko Konpartsok 1983an bilbotarrek hondakinak kentzeko eta berreraikitzeko egin zuten balentria gogora ekarriko dugu, “Elkarlan Uholdea” izeneko kanpaina baten bidez. Kanpaina horrek borondatezko eta elkartasunezko lanari balioa emango dio, gaur egungo eta etorkizuneko balio gisa. Bilboko Konpartsen 2023ko egutegiak, gaur aurkeztuak, ahalegin kolektibo haren argazki sorta ikusgarria jasotzen du.

Konpartsakideak, garai bateko Jai Batzorde Mistoko kideak eta Bilboko Auzo Elkarteen federazioko kideak egon dira gaurko aurkezpenean, Jatorrizko irudia hemen (erabilera librea, egilea: Bilboko Konpartsak)

Gaurko agerraldian, Garazi Askasibar eta Iñigo Iglesias mintzatu dira Bilboko Konpartsen Federazioaren izenean, eta konpartsakide gazteak zein beteranoak izan dituzte alboan, uholdeak bizi izandakoak, baita Bilboko lehen jai-batzordeetako eta elkarte-mugimenduko ordezkari historikoak ere. Hauek izan dira beraien hitzak:

Datorren urtean 40 urte beteko dira zoritxarreko uholdeak izan zirenetik. Aste Nagusia bete-betean harrapatu zuen uriolak, jaietako egun handian, hain zuzen ere. 1983ko abuztuaren 26an itsasadarrak gainezka egin zuen eta, Aste Nagusiarekin batera, milaka bilbotarren bizibideak eta ametsak eraman zituen aurretik.

Baina hondamenetik herri baten indarra azaleratu zen: zoritxarrean lagun, adin guztietako bilbotarrak, katiuskak eta palak hartuta, elkarlanean aritu ziren, basa eta hondakinak gure kale, etxe eta dendetatik ateratzen. Uriolak Aste Nagusian suertatu zirenez, konpartsei egokitu zitzaien elkarlan horren antolakuntzan rol garrantzitsua, une haietan Bilbon zegoen talde antolatu nagusia zirelako.

Gaurkoa “Elkarlan uholdea” ekimenaren abiapuntua da, eta horren lehendabiziko alea dugu gaur aurkezten dugun 2023ko Bilboko Konpartson egutegia. Beste urteetako ohiko gai koloretsutik atera eta iraganeko zuri-beltzera egin dugu atzera, orduko elkarlan erraldoi hari gorazarre egiteko. Egutegiaren gai nagusia, beraz, 40 urte atzera eginda, uriolen ostean sortutako elkarlan eta elkartasun uholdea izango da. Euskal Museoak eta Bilboko Udal Agiritegiak utzitako argazkiak erabili ditugu eta, aukerarekin, herritarrek orduan egindako ahalegin itzela islatzen saiatu gara. Egutegia bi euroan salduko da eta mozkinen erdia Etxaldeko Emakumeak taldearentzat izango da.

Konpartsakideak, garai bateko Jai Batzorde Mistoko kideak eta Bilboko Auzo Elkarteen federazioko kideak egon dira gaurko aurkezpenean, Jatorrizko irudia hemen (erabilera librea, egilea: Bilboko Konpartsak)

“Elkarlan uholdea” ekimenak hainbat adierazpide izango ditu jaiurte osoan, baina ez gara mugatuko Zazpikaleetara eta jai-sasoi eta eremuetara, ezpada Bilboko auzoetara joko dugu, bertakoen bizipenak jaso eta partekatzera, erakusketa eta hitzaldien bidez.

Orduko egoera ez zen gozoa Bilbo hartan; Aste Nagusia pozaren eztanda behin-behinekoa izaten bazen ere, euskal gizarteak arazo handiak bizi zituen 80ko urteen hasieran: bortizkeria, errepresioa, heroina, eta desindustrializazioa, besteak beste. Baina hura guztia nahikoa ez eta uholdeek sastakada larria eman zieten hainbat familiari gurean.

Euskaldunontzat konnotazio positibo ugariko erroa da “elkar”: elkartuta, elkarrekin, elkarri, elkarte, elkartasun, elkarlan, elkarbizitza, elkarrizketa eta beste asko. Elkar hartuta hobeto egiten zaie erronkei. Beraz, eta, gure nahia horrelako ezbeharrik berriro ez gertatzea bada ere, bilbotarren artean elkarlana eta elkartasuna zein garrantzitsuak diren ez dezagun inoiz ahaztu.

Horregatik, hain zuzen ere, gerrak, krisi ekonomikoak eta estuasunak ekidinezin moduan iragartzen zaizkigun honetan, oso garrantzitsua da elkarlanaren eta elkartasunaren garrantzia beti presente edukitzea, baldin badator, datorrenean zoritxarrak prest eta indartsu aurki gaitzan, beti. Orduko bilbotarrek egindako ahalegin erraldoiak lorratza utzi zuen herritarren gogoan, eta pentsatzen dugu, esaterako, osasun-krisian sortutako elkartasun sareek inspirazio iturri izan zituztela pala eta katiuska haiek. Iraganari omen eta etorkizunerako prestutasuna adierazi nahi dugu, orain eta hemen.

Elkarlana eta gure historia oroitzen hasita, ezin aipatu gabe utzi Lurdes Luque gure txupinera eta lehendakari maitea, duela 15 egun utzi gintuena eta hemen gaur gurekin egotekoa zena. Lurdesek uriolak bizi izan zituen konpartsakide gazte moduan, eta beti egon zen prest behar zen unean egoteko, denona denaren alde lan egiteko.

Datozen hilabeteotako jai-hitzorduetan eta baita datorren urteko Aste Nagusian ere, jarraituko dugu elkarlan uholdea. Adi egon!

Gora Aste Nagusia!
Gora Lurdes!
Gora elkarlan uholdea!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude