Parte-hartze uholdea Bilboko 2023ko Aratusteetan

Aurten egindako aldaketen eragin ona nabarmendu du Bilboko Jai Batzorde Mistoak 2023ko Aratusteen balantzean. Oro har, parte-hartze handia egon da eta giro alaia gailendu da, eguraldi ona lagun. Gainera, ez da aparteko eraso edo arazoren berririk izan. Farolin eta Zaranbolas ere buru-belarri ibili dira euren eginkizunean, ekitaldi gehienetan aktiboki esku hartuz.

Farolin eta Zaranbolas, aurtengo sardinaren erreketan.

Zortzigarren urtez hartu du Bilbo Aratuste-eredu bateratuak eta, 2015ean abiatu zenetik, urtez urte, emaitza positiboak ematen dabil, gorpuzten eta egonkortzen. Aurtengo Aratusteen balorazio positiboa egin behar dugu, Bilboko inauterien ereduarekiko herritarren atxikimendua begi-bistakoa da, eta eguraldi onak erabat lagundu du festa parte-hartzaileak eta alaiak izan daitezen. Aurten, 80ko urteak izan ziren, oro har, Jai Batzorde Mistotik proposatutako gaia eta inoiz baino gehiago jarraitu diote bilbotarrek proposatutako ildoari euren mozorroekin.

Aurten egindako aldaketek arrakasta nabarmena izan dute: ostiraleko atxiloketa udaletxetik Arriaga Plazara eraman zen, eta, horrela, kalejira Plaza Barriraino laburtu eta indartu zen, jendearen parte-hartze handiagoa lortuta. Horren osteko epaiketaren inguruko antzezpena oso ikusgarria izan zen, eta publikoari asko gustatu zitzaion. Izan ere, epaiketan jende askok hartu zuen parte aktiboki kantatzen eta antzezten, Farolin eta Zaranbolas eurak barne.

Horren bezperan, Orden Botxerak antolatutako maskara-trukearen ekitaldia ere arrakastatsua suertatu zen oso, Farolin eta Zaranbolas Arriaga Plazaraino garraiatu zituen Berebil Klasikoen elkartearen ekarpen aipagarriarekin.

Larunbateko mozorro-lehiaketa bi txandatan zatitzeak ere ondorio onak izan zituen: eguerdian, parte-hartze handia izan zuen banakako txandak, eta gero, arratsaldean, mozorroen kalejira aurreko urteetan baino dinamikoagoa izan zen, epaileen aurretik igarotzen konpartsak eta talde handiak bakarrik izanik. Lehiaketan esku hartu zuten taldeen aniztasun kulturala eta mozorroek islatutako sormena ere nabarmendu nahiko genituzke.

Bestalde, umeentzako ekitaldiak Plaza Barrira aldatzeak oso harrera ona izan du, eta Gargantua kokatuta egon den Albia inguruan ere haur ugari ibili da.

Farolin eta Zaranbolas, hau da, Ylenia Baglietto eta Lander Otaola, Bilboko Aratusteen bihotza izan dira, eta eskerrak eman nahi dizkiegu egindako lan bikainagatik. Biba zuek!

Oro har, adin guztietarako ekintzak prestatu dira aurtengo inauteriei begira, haurrentzako ostiral goizeko kalejiratik hasi, eta nagusientzako Bilboko Udal Musika Bandaren kontzertura arte…

Aratusteak, hala ere, aurreko larunbatean berotzen hasi ziren, Kopla Txikien Lehiaketaren VIII. edizioarekin. Bilboko koplen tradizio hau 1515. urtean dokumentatua dago lehenengo aldiz, baina, berreskuratu direnetik, indartsu gaurkotu dira egungo garaiotara. Kafe Antzokia bete zuten parte hartu zuten taldeek, eta giroa ederto alaitu zuten, ironiaz, isekaz eta gizarte kritikaz beteriko koplekin.

Amaiera, bestalde, sardinaren erreketak eman dio Bilboko Aratusteari. Ohi bezala, giro funebrean eta tragikomikoan, Plaza Barritik Arriaga pareraino joan da segizioa, eta, bertan sardinari su emanez, garizumaren tunel ilunean sartu gara. Konturatu orduko, hala ere, udaberria, San Joan sua eta Aste Nagusia agertuko dira, argitsu eta koloretsu, tunel horren bestaldean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude