Bilboko ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak uste dute Txori Barroteko kideen absoluzioak Udala atzera egitera behartzen duela

Honako hau, Bilboko ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak ateratako oharra dugu, urriaren 15ean:

Espainiako Audientzia Nazionalak Txori Barroteko lau konpartsa-kide euskal presoen argazkiak erakusteagatik absolbitzea erabaki ondoren, Bilboko ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak epaiagatik bere zoriontasuna azaltzeaz eta epaituak izan diren lau konpartsa-kideak jazarpen politikoa pairatu dutela salatzeaz gainera, Udalari eskatu diote 2011ko Aste Nagusiari begira bere jarrera zuzendu dezala eta Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsei, zein irizpide hori prebentzio modura ezarritako beste konpartsei, ezarritako betoa altxa dezala.

Lau talde horiek uste dute epaia argia dela: alde batetik, konpartsa-kidek absolbituak izan dira, eta beraz, euskal presoen argazkiak erakustea ez da delitua ez eta zigorra jartzeko balizko arrazoia; bestalde, euskal presoen argazkiak erakusteak biktimak ez dituela umiliatzen eta jarduera horrekin inongo indarkeriaren erabilerarik goratzerik ez dela egiten ondorioztatzen da, eta horrenbestez, ez duela urratzen legerik edo ordenantzarik. Horregatik, gobernu taldeari eskatzen diote egindako akatsa aitortzea eta hurrengo urteko Aste Nagusia alderdikeriaz ez erabiltzea. Era berean, uste dute adierazgarria dela Espainiako Audientzia Nazionala bezalako salbuespenezko epaitegi batek absoluzioa eman izan arren Udalak “zigorra” mantentzea, eta ondorioztatzen dute Udalak lehenbailehen zuzendu behar duela bere jarrera.

Era berean, uste dute sententzia honek EAJk eta EBk osatzen duten gobernu taldeak Bilboko Konpartsekiko daukan jarrera aldatzeko balio izan behar duela, inongo oinarri juridikorik ez daukan eta konpartsa batzuei zilegitasun gabe ezarri zaien debekua altxatzeko. Halaber, bi alderdi horiei eta udal korporazioa osatzen duten gainontzeko alderdiei eskatzen diete konpartsekin duten harremana berreskuratzeko.

Lau alderdi politikoek jai-eredu parte-hartzailea, herrikoia eta anitza aldarrikatzen dute, non giza eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen errespetua modu demokratikoan adierazitako aldarrikapen zilegiekin —euskal presoen argazkiak erakustea, esaterako— uztartzea posible izango den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude