Nondik dator San Tomas feria?

Bilboko konpartsek 1980tik esku hartzen dute ospakizun honetan, federazioaren txosna ipini eta animazio egitarauarekin abenduko hotza epeltzen saiatzen gara. Izan ere, egun, San Tomas, azoka baino, zinezko jaia bilakatu da, egun batez areatzan eta zazpi kaleetan hiriaren eta baserriaren arteko lotura adierazten duena. Baina nondik dator tradizio hau?

Hain zuzen ere, baserritar maizter eta bilbotar etxejabeen arteko harremanetik dator feria hau. Ohiturak zehazten zuen abenduaren 21a baserritarrek bilbora jaitsi eta alokairua pagatzeko eguna zela. Lurren eta baserriaren jabeak bazkaria eta beste opariren bat eskaintzen zien. Ez zegoen orduan banka telematikorik eta ez ziren hain maiz jaisten botxora. Beraz, baserritarrek bidaia baliatzen zuten euren gaiak ekarri eta Bilboko plazan saltzeko.

XIX. mendearen bukaera aldera, San Tomas azoka indarra hartzen hasi zen, Bilboko bizilagunek bertan ikusten baizuten gabonetarako kalitatezko produktuak erosteko aukera. Erosleak egun horren zain egoten ziren eta, errenta egun horretan ordaintzeko ohitura desagertuz joan bazen ere,  gabonetako ospakizunen atarian egonik, eskaerak eta ohiturak finkatu zuten egun hori nekazal produktuen salmentarako.

Bigarren gerra karlistaren ondoren maizter gehienek jada errenta abendu bukaeran ordaintzen zuten, baina San Tomaseko azoka indarra hartuz joan zen eta XX. mende hasierarako erabat errotuta zegoen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude